Oier Etxanizek eta Ane Bastarrikak irabazi dute Etxera Eguneko krosa

Aitziber Arzallus 2025ko mai. 17a, 13:50

150 bat lagunek parte hartu dute Etxera Eguneko egitarauari hasiera eman dion lasterketan. Etxanizek 18 minutu eta 35 segundo behar izan ditu 5,6 kilometroko ibilbidea egiteko, eta Bastarrikak, 24 minutu eta 39 segundo. 25 urte elkartasunez lelopean ari dira aurtengo Etxera Eguna ospatzen, eta datozen orduetarako egitarau bete-betea prestatu dute antolatzaileek.

Gaur, 25 urte elkartasunez lelopean, Etxera Eguna ospatzen ari dira Azpeitian, eta egun guztiko egitaraua krosarekin hasi dute 11:30ean. Plazatik abiatu eta plazan bukatu den kirol proban 150 bat lagunek parte hartu dute, eta dozenaka izan dira dira 5,6 kilometroko ibilbidean zehar haiei begira eta animoak emateko prest egon diren herritarrak ere. 

Helmugaratzen aurrena Oier Etxaniz (18:35) izan da, eta harekin batera, Gari Uzkudunek (19:09) eta Aitor Igualek (19:15) osatu dute gizonezkoen podiuma. Emakumeetan, berriz, Ane Bastarrika (24:39) izan da nagusi, eta Irantzu Albizuri (25:21) eta Saioa Iriondo (25:49) izan dira bigarrena eta hirugarrena.

Garaikur bana jaso dute horiek guztiek, baina opari gehiago ere banatu dituzte lasterketaren bukaeran. Azken korrikalariarentzat izan ohi diren txuletak aurten Estitxu Elduaienek, Igone Alkortak, Onintza Aranbarrik eta Maider Agirrek osatutako laukoteak jaso ditu. 

Krosarekin hasitako egitaraua goizaldeko ordu txikietara arte luzatuko da askorentzat, hamaika eratako hitzorduak antolatu baitituzte egun guztirako.

Hona hemen datozen orduetarako egitaraua: 

  • 14:30. Bazkaria, Azoka plazan.
  • Ondoren, Txalainaken kontertua.
  • 16:30. Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoak, udaletxeko arkupeetan, umeentzako gunean.
  • 18:30. Kontzentrazioa, plazan. Puzzlea osatu arte, presoak etxera. Gotzon gurekin lelo hartuta.
  • 21:00. Kontzertuak Sanagustinen:  The Friday's Crew, Su Ta Gar eta Trikidantz. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide