Distantzia erdiko Europako Triatloi Txapelketan bosgarren egin du Julen Lopetegi kirolari azpeitiarrak. Atzo izan zen proba, Iruñean, eta helmugara iristen bosgarrena izan zen Lopetegi; atzokoan Espainiako selekzioarekin aritu zen triatleta. 1,9 kilometro igerian, 85 kilometro bizikletan eta 21 kilometro lasterka egin zituzten parte hartzaileek, eta hiru ordu, 53 minutu eta 33 segundotan bukatu zuen ibilbidea azpeitiarrak.
Mila triatleta inguruk parte hartu zuten proban, eta gizonetan irabazle Guillem Montiel izan zen, lasterketa 3 ordu, 44 minutu eta 56 segundotan bukatuta. Ognjen Stojanovic izan zen bigarren (3:46:16), eta Fernando Zorrilla (3:49:26) hirugarren. Ondorioz, Lopetegik garaileak baino zortzi minutu pasatxo gehiago behar izan zituen helmugako lerroa zeharkatzeko.
Emakumeetan, berriz, Marta Lagownik izan zen garaile, ibilbidea 04:13:04 denboran gauzatuta, eta bigarren Marta Lombardi izan zen; hirugarren, berriz, Maria Varok egin zuen.