Mikel Labaka Realaren gizonen lehen taldeko bigarren entrenatzaile azpeitiarrak atzo arratsaldean agurtu zituen Reale Arena estadioko harmailetan bildu ziren zaleak. Realak denboraldi honetako etxeko azken partida jokatu zuen atzo Gironaren aurka, eta txuri-urdinek garaipenarekin agurtu zituzten azken sei denboraldietan taldea zuzendu duten Labaka eta Imanol Alguacil entrenatzaile oriotarra. Realak 3 eta 2 menderatu zuen Girona.
Partida amaitu eta gero, estadio osoari itzulia eman zioten bi entrenatzaileek, jokalariak eta gainerako taldekide guztiak atzean lagun zituztela. Bultzada animazio taldearen harmailara iritsi zirenean, Alguacil eta Labaka harmaila horretara igo ziren, eta han txapel bana jantzi zieten biei.
2018tik hona Orioko entrenatzailearen alboko ezinbesteko pieza izan da Labaka Realaren lehen taldean. Emaitza onak eskuratu dituzte, gainera, ibilbide horretan; azpimarragarriena, nola ez, Realak 2020. urteko Espainiako Errege Kopa Sevillan (Espainia) irabazi zuenekoa izan zen. Horrez gain, Reala Europako txapelketetara sailkatu dute urtez urte, hala nola Txapeldunen Ligara eta Europa Ligara. Denboraldia amaitzeko azken jardunaldia falta da, txuri-urdinek Real Madrilen aurka jokatuko baitute zapatuan (16:15). Realak dagoeneko ez du ezer jokoan.