Nahi baino gutxiago gozatuta, baina hiru puntu poltsikoratuta amaitu dute denboraldia Lagun Onak taldeko neskek, Beti Gazteri 2-1 irabazita.
Ostiralean Garmendipen jokatu zuen Lagun Onakek ligako azken partida, eta ziren eroso ibili Azpeitiko jokalariak. Hala ere, lesakarrak baino indartsuago hasi zuten partida, eta 15. minutuan aurreratu ziren markagailuan, Joane Kortaren golari esker. Lehenengo zatian aukera gutxi izan zituzten baloia berriro ere sareratzeko, eta puntu bateko abantailarekin iritsi ziren aldageletara.
Atsedenaldiak ez zuen taldea berpiztu, eta antzeko tenorean jarraitu zuen lehiak. Hala ere, Elene Alonsori gola egiteko aukera iritsi zitzaion 62. minutuan eta ez zuen kale egin. Hortik bi minutura egin zuen gola Beti Gaztek, baina ez zuen denborarik izan berdinketa lortzeko eta, beraz, liga garaipenarekin amaitu zuen Lagun Onakek.
Liga zazpigarren postuan amaitu du Lagun Onakek, guztira 53 puntu bilduta. Donostiako Antiguoko taldeak irabazi du Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako txapelketa.