Zaborrak ingurune karstikoetan duen eraginaz aritu dira Mendietxen

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 21a, 10:44

Lurpea Garbi elkarteko kideek solasaldia eskaini zuten atzo arratsaldean Mendietxe museoan. Gizakiak sortutako zaborrak ingurune karstikoetan eragiten dituen kalteen inguruan aritu ziren hizlariak.

Tolosaldeako Lurpea Garbi elkarteak antolatuta, hitzaldia eta erakusketa egin zituzten atzo arratsaldean Mendietxe museoan. Inma Mugertza hidrogeologoa, Eneko Agirre biologoa eta Uxue Lasa espeologoa aritu ziren hizlari, eta zaborrak ingurune karstikoetan duen eragina azaldu zieten entzuleei.

Elkarte honek ingurune karstikoak garbitzea eta babestea du xede, eta Tolosaldean ez ezik, lan hori Gipuzkoa osora zabaltzeko ahaleginetan ari dira. Mendietxeko solasaldian, eremu karstikoen –kareharriz osatutako eremuak– zaurgarritasuna eta sentiberatasuna eman zuten aditzera, eta haietan egiten diren jarduerek izan dezaketen eraginaz ohartarazi, bereziki lurrazpiko uretan eta kobetako ekosistema berezietan.

Erakusketa ere jarri zuten Mendietxen. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide