Sanjuandegiko festak 2025

Gurpil gaineko lehen esperientziak izateko aukera, Sanjuandegin

Kris Fernandez 2025ko mai. 23a, 17:32

Urriko III. YK Riders Fest jaialdian egin zuten bizikleta martxa. (Maialen Etxaniz)

Mantangorriren festaren barruan lehenbizikoz egingo dituzte bizkleta lasterketak, igandean. YK Riders taldeak auzoko festa batzordearekin batera antolatutako ekintza 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Sanjuandegiko festen egunkari bereziko edukia da honako hau.

Aspaldiko ohitura berreskuratuko dute aurtengo Sanjuandegiko festetan. Izan ere, bizikleta lasterketak egingo dituzte auzoko errepideetan igande arratsaldean. «Garai batean, bizikleta lasterketak egiten ziren Sanjuandegiko festen barruan. Urte asko dira, ordea, ez dela horrelako ezer antolatu, eta festa batzordeari aukera hori planteatu genionean, erantzun positiboa jaso genuen. Eta gu, oso gustura!», azaldu du YK Riders taldeko Xiker Aizpuruk.

Igandeko 16:30etik aurrera, bizikleta lasterketak izango dira, beraz. Umeei zuzendutako ekintza izango da; hain zuzen, 12 urte bitarteko haurrei bideratutako lasterketak prestatu dituzte. «Oraindik zehaztu gabe ditugun arren, esan dezakegu Sanjuandegin bertan izango direla ibilbideak, Jose Antonio Agirre plaza ingurutik abiatuta. Errepidean zehar izango dira; hau da, ez da koskarik edo eskailera mailarik izango bidean zehar. Erraz egiteko moduko ibilbideak izango dira. Gainera, parte hartzaileen arabera, maila desberdinak sortzea erabakiko dugu; izan ere, haur guztiek ez dute maila bera, eta, beraz, ziurrenik bi taldetan banatuko ditugu», zehaztu du taldeko kide den Asier Leonek.

Ahalik eta parte hartzaile gehien izatea nahi dute, eta, horregatik, izen ematea egunean bertan egin ahalko dute interesatuek. Ekitaldia hasi aurretik mahai bat jarriko dute horretarako, eta bizikletaren festan parte hartu nahi dutenek bertara joan beharko dute, izena eman eta lasterketan irten ahal izateko. Ordu erdi lehenago azaltzea nahikoa izango da, baina, hori bai, kaskoa eramatea derrigorrezkoa izango dela aurreratu dute. «Interes pixka bat dutenak, animatu eta etor daitezela. Futbolaz, saskibaloiaz eta betiko kirolez gain, badira bestelako kirolak; bizikleta, adibidez. Proba dezatela, ondo pasatzeko antolatu dugu ekintza, inolako lehiakortasunik bultzatzeko asmorik gabe. Partaideek bizikleta zer den eta mundu hau zertan datzan ezagutzeko aukera izango dute», gaineratu du Leonek.

Modalitate ugari

Arauntza Riders kirol kluba 2023an sortu zuten, mendiko bizikletan nahiz patinajeko edozein modalitatetan aritu nahi duten herritarrei erraztasunak emateko asmoz, eta YK Riders Arauntza Ridersen parte da. «Beti izan gara Yonki Riders, baina kluba sortzea erabaki genuen unea iritsi zen, lasterketa ofizialetan parte hartzeko eta aseguruak izateko, adibidez. Izen formalagoa behar genuen, eta ia beti Arauntza inguruan ibili izan garenez bizikletekin, izen hori hautatzea erabaki genuen», agertu du Leonek.

Arauntza Riders klubak modalitate ugari barnebiltzen ditu: skate parkean bizikletan ibiltzen direnak, scooter-ak, skateak, patineteak, roler-ak, mendiko bizikletak... «Azkenean, gurpil gaineko kirol guztiak. Eta horiek guztiak ikusteko aukera dute herritarrek gure urteurreneko festetan», amaitu du Aizpuruk.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide