Larunbatean Atzegik Kuadrilla Eguna ospatuko du Azpeitian, eta Gipuzkoako bailaretako lagun taldeak elkartuko dira festa giroan. Eskualdez eskualde Atzegik dituen lagun taldeak, urtean behin behintzat, elkar daitezen antolatzen dute egun hori, "ondo pasatzeko" helburuarekin.
Atzegiren aisialdi zerbitzuak antolatzen du jaia, baina bailara bateko lagun taldea izan ohi du bidelagun; aurtengo kasuan, Urola Erdikoa. Irati Sasiain (Zestoa, 2000) Atzegin boluntario aritzen da, eta buru-belarri dabil larunbateko Kuadrilla Egunaren antolaketan.
Atzegin boluntario aritzen zara. Noiztik zabiltza egiteko horretan?
Orain dela zazpi urte hasi nintzen Atzegiren munduan murgiltzen. Atzegi elkarteak oporraldietarako boluntarioak behar zituela aipatu zidaten; gauza askorik jakin gabe, itsu-itsuan, izena eman nuen, eta nire lehen esperientzia bizitzera animatu nintzen. Bide horretatik jakin nuen Azpeitian ere aisialdiko hainbat plan egiten zituen Atzegiko lagun talde bat bazela, eta ordutik talde horretako boluntarioa naiz. Gaur egun, boluntariook Txolarten dugun zeregina aniztasun funtzionala duten pertsonen aisialdiko bizi kalitatea hobetzea da.
Larunbatean Kuadrilla Eguna ospatuko duzue Azpeitian. Noiztik ari zarete egun hori prestatzen eta zer-nolako lana da?
Urtero toki desberdin batean egiten den egun oso polit bat da Kuadrilla Eguna. Gipuzkoako herri ugaritako kuadrillak elkartzeko aukera paregabea izaten dugu egun horretan. Aurten, gainera, Azpeitian ospatuko dugu. Aspaldi hasi genituen larunbaterako prestaketak, baina antolaketa lan handienak –udalarekin harremanetan jarri, baimenak eskatu eta abar– Donostiako Atzegiren egoitzatik egiten dituzte. Atzegiko lagun taldearen, familien eta boluntarioen lana elkarlanean festaren apainketaz arduratzea izaten da, eta horretan ari gara azken asteotan.
Kuadrilla Egunak zer du berezia?
Denontzat izaten da oso egun polita. Urte osoan ez dugu ohitura handirik beste taldeetakoekin planak egiteko. Oporraldietara, ordea, elkarrekin joaten dira herri desberdinetako Atzegiko lagunak, eta lagun asko egiten dituzte. Beraz, urtebetez elkar ikusi gabe egon beharrean, berriro elkartzeko aukera paregabea izaten dute Kuadrilla Egunean. Festa egun handia da guretzako. Boluntariook aspaldi ikusi ez ditugun beste boluntarioekin egoteko aukera ere izaten dugu. Horrenbestez, guztiontzat lagun berriak egiteko eta festaz gozatzeko aukera ederra da.
Azpeitiko Atzegiren lokala ere ezagutuko dute Kuadrilla Eguneko parte hartzaileek.
Azpeitian herriaren erdigunean lokal berria du Atzegik, eta Kuadrilla Eguna aukera paregabea iruditzen zaigu gainontzekoei gure txokoa erakusteko. Horrenbeste borrokatu ondoren lortu dugun zerbaiten fruitua beste lagun taldeekin partekatzeko eta gure aisialdiko denbora asko non pasatzen dugun erakusteko aukera ona da larunbatekoa. Herritarrei ateak irekitzen dizkiegun bezala, Kuadrilla Egunean parte hartuko dutenei ere aukera hori ematea dugu helburu, haiek ere nahi dutenean Azpeitiko Atzegiren lokalera etor daitezen.
Zenbat lagun ingururentzako festa eguna ari zarete antolatzen?
300 pertsona inguru dira etortzekoak Kuadrilla Egunera. Erraz esaten da, baina ikaragarria da horrelako festa batean hainbeste lagun elkartzeko aukera izatea. Ilusio handia dugu, eta ahal dugun guztia egingo dugu denek ongi pasatu eta aisialdiaz disfruta dezaten, denok baitugu aisialdiaz gozatzeko eskubidea.
Kuadrilla Eguneko egitaraua:
Maiatzak 24, larunbata
- 12:30. Ongietorria, Azpeitiko Atzegiren lokalean, Perez Arregi plazan.
- 13:00. Kalejira musikaz lagunduta, Atzegiren lokaletik herriko plazara.
- 13:30. Bazkari herrikoia, Azoka Plazan.
- 15:00. Zumba eta dantza saioa, Azoka Plazan. Photocall-a ere jarriko dute.
- 16:15. Festaren amaiera.