Duatloi txapelketako lehen mailara sailkatzeko lehiatuko dira zapatuan hemeretzi kirolari

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 22a, 09:28

II. Mailako Duatloi txapelketa aurkeztu zuten atzo Azpeitiko zezen plazan. (M. Txintxurreta)

Hemeretzi kirolari lehiatuko dira zapatuan, 18:00etan hasita, Euskal Duatloi Txapelketari hasiera emango dion proban. Lehenengo sei sailkatuek ekainaren 8an jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute.

Larunbat honetan hasiko da 2025eko Euskal Duatloi Txapelketa, Azpeitiko zezen plazan egingo duten probarekin. Aurtengo edizioa nobedadeekin dator, izan ere, izen-emate kopuruaren arrakasta dela eta, txapelketa bi mailatan banatzea erabaki dute antolatzaileek. Zapatuan Azpeitian jokatuko dena, hortaz, II. Mailako Euskal Duatloiaren Txapelketa izango da. hemeretzi kirolari lehiatuko dira bertan, eta sei onenek ekainaren 8an egingo den lehenengo mailako txapelketarako txartela lortuko dute.

Kirolari eta antolatzaileek atzo arratsaldean Azpeitiko zezen plazan egin zuten aurkezpenean azaldu zutenez, egin beharreko lanak ere aldatuko dira aurtengo txapelketan, "ikusgarritasuna" handitzeko helburuz. Horrela, ondoko lanak bete beharko dituzte zapatuan lehian arituko diren gizonek: aurrena, 45 ontzako etzandako egurra ebaki, ondotik 45 ontzako zutikako egurra ebaki, eta azkenik 500 metro korrika, hau da, bost itzuli zezen plazari. Hau guztia birritan egin beharko dute, eta lanak 17 minututan amaitzen ez duten kirolariak kanporatu egingo dituzte.

Zapatuan, beraz, ez da ikuskizunik faltako. 18:00etan hasiko da kirol ekitaldia, eta bost txandatan egingo dituzte lanak 19 gizonek. Lehenengoan, Jon Zaldua, Aritz Oregi eta Eneko Larrion lehiatuko dira; bigarrenean, Yulen Aranberri, Emilio Garcia, Iosu Santamaria eta Manuel Fraile; hirugarrenean, Urtzi Olasagasti, David Naredo, Dani Vicente eta Beñat Lekue; laugarrenean, Ander Altuna, Xuban Kañamares, Iban Resano eta Eloy Corchero; eta bosgarrenean, Joseba Otaegi, Eneko Saralegi, Jokin Urretabizkaia eta Julen Alberdi Txikia IV.a, azken hori azkoitiarra.

Kirolarien profilei behatuz gero, proba anitza izango da larunbatekoa. Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Txikia IV.a aizkolariak estreinakoz arituko dira duatloian, eta arraunetik plazara itzuliko da Joseba Otaegi zizurkildarra eta Getariako bizilaguna, 2012ko Gipuzkoako Aizkolari Txapelketako garailea eta 2019ko Euskal Pentatloi Txapelketako txapeldunordea. Halaber, Jon Zaldua izango da parte hartzailerik gazteena, 16 urte baititu.

Sei txartel ekainaren 8rako

Zapatuko lanetan sailkatuko diren lehenengo sei kirolariak Lehen Mailako Euskal Duatloi Txapelketan parte hartuko dute. Ekainaren 8an jokatuko da, Azpeitiko zezen plazan. Hamabi gizonek jokatuko dute proba hori; larunbateko sei azkarrenek, eta jadanik lehen mailan dauden sei kirolari hauek: Ugaitz Mugerza iazko irabazlea, Ibai Soroa, Arkaitz Jauregi, Oier Kañamares, Julen Kañamares eta Xabier Zaldua.

Hamabiko final handian sailkatuko diren lehenengo sei kirolariak lehen mailan jarraituko dute, eta bigarren mailara jaitsiko da beste erdia.

Sarrerak

II. Mailako Euskal Duatloi Txapelketako sarrerak Mendizabal Erretegian daude salgai, eta egun bertan leihatilan eskuratzeko aukera izango da, 16:30etik aurrera. 20 eurotan salduko dira eta 17 urte azpiko herritarrentzat doakoa izango da sarrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide