Lan hitzarmena berritzeko negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatzeko, sei greba egun deitu ditu ELA sindikatuak Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Ekainaren 11, 12 eta 13rako, eta uztailaren 9, 10 eta 11rako deitu ditu lanuzteak egoitzetan ordezkari gehien dituen sindikatuak. Egoitzetan lan egiten duten 5.000 langileri eragiten die deialdiak, eta prekarietatearekin amaitzea aldarrikatuko dute egun horietan.
Atzo egin zuten agerraldia ELAko ordezkariek Donostian, eta salatu zuten langileek gogoz kontrako kontratu partzialak dituztela, arreta zuzeneko orduak jaitsi egin direla, eta lan kargak izugarri igo. Egoitzetako zerbitzuak "okerrera" egin du, sindikatuaren ustez, azken urteotan, eta gainera, "mozkinak lortzea helburu duten enpresa pribatuen eskuetan" dago.
Negoziazio mahaia urtarrilean abian jarri, eta ordutik lau aldiz bildu diren arren, langileen aldarrikapenei entzungor egitea egotzi dio ELAk patronalari. Zaintza sistema erdigunean jarri, eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena eskatu dute, eta langileak greban parte hartzera deitu dituzte.