Sanjuandegiko festak 2025

Bihar zabalduko dituzte barrakak Sanjuandegin

Nerea Uranga 2025ko mai. 22a, 11:51

Barrakak muntatzen Sanjuandegin. (Nerea Uranga)

Sanjuandegin tiobiboen eguna maiatzaren 29an izango dela jakinarazi du udalak. Larunbatean Umeen Eguna ospatuko dute eta igandean, berriz, haurrentzako bizikleta lasterketak izango dira auzo horretan.

Maiatzaren 30ean hasiko dituzte ofizialki Sanjuandegiko festak, Mantangorriren jaitsierarekin. Aurretik, ordea, umeentzako ekintza ugari antolatuko dituzte auzo horretan. Dagoeneko ia muntatu dituzte barrakak Sanjuandegin epaitegiaren aurreko plazan, eta tiobiboak bihartik izango dira irekita. Tiobiboetako eguna datorren ostegunean, maiatzaren 29an, izango da 17:00etatik 22:00etara; egun horretan, txartel bakoitzak 1,5 euro balioko ditu.

Asteburuan umeentzako hainbat ekintza antolatu dituzte Sanjuandegin. Larunbatean Umeen Eguna ospatuko dute, XJ Auzolaneanek antolatuta. Iganderako bizikleta lasterketak prestatuko dituzte YK Riders taldekoek haurrentzat. 16:30ean hasiko dira saioak eta parte hartzeko kaskoa eramatea derrigorrezkoa izango da.

Aniztasun funtzionala dutenentzat eta haien familientzako ordutegi bereziak ere jarri ditu tiobiboetan Azpeitiko Udalak. Larunbatean, Umeen Egunean, 16:00etatik 17:00etara, aniztasun funtzionalaren txartela dutenek eta haien familiek bakarrik izango dute tiobiboetan ibiltzeko aukera, eta igandean 11:00etatik 12:00etara ere bai. Horrez gain, 17:00etatik 18:00etarako tartea barraketan musikarik gabekoa izango da egunero. 

Barraketan euskara sustatzeko ahalegina ere egingo du udalak, eta euskarazko hainbat material jarri ditu tiobibozaleen esku: "Euskarazko abestien zerrenda bat, prezioak euskaratuta, euskarazko oinarrizko hitzen zerrenda bat… Zaparraie taldeak ere gutun bat bidali die barrakazaleei euskara erabiltzera animatuz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide