Bihartik igandera kultur emanaldi eta hitzordu bat baino gehiago izango dira aukeran Azpeitian.
Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizkerta saioarekin hasiko dute asteburua Soreasu antzokian. Bihar, 22:00etan, bere hirugarren bakarrizketa aurkeztuko du Gurrutxagak han: Nortasun agiria. Bizipen pertsonaletatik abiatuta, gai mingarriak eta gordinak umoretik aurkezten ditu Gurrutxagak Nortasun agiria-n: bikote harreman baten hausturak sortutako minaz, euskaldun ona izatera iristearen zailaz, edota nahasmendu obsesibo konpultsiboa pairatzeak sexu harremanetan eragin ditzakeen buruhausteez ariko da. Biharko emanaldirako sarrerak salgai daude Kulturaz.eus webgunean.
Sanagustin kulturgunea, berriz, festa giroz jantziko da zapatu gauean. Kanuto DJaren eskutik, 80ko eta 90eko hamarkadetako musika dantzagarriarekin guatekea egingo dute, 22:00etan hasita. Eta igande arratsaldean, Katapulta Tour egitasmoaren barruko bi kontzertu hartuko ditu kulturguneak: Luke Armstrong eta Nuria Culla bakarlariak izango dira protagonistak, 18:00etatik aurrera. Sanagustineko bi hitzorduetan doakoa izango da sarrera.
Viviane Straubekin bisita gidatua
Viviane Strauben Textile erakusketa ere zabalik dago, Foru Ibilbideko udal aretoan, ekainaren 1a arte.
Sor¡kuntza Beken emaitzen DOI saileko erakusketa da Straubena, eta egilearen eskutik bisita gidatua eginez ezagutzeko aukera izango da bi egunetan. Hain zuzen ere, zapatuan, hilaren 24an, izango da lehen bisita gidatua, 12:00etan. Etzi joan ezin dutenek gaur zortzi, hilaren 29an, izango dute bisita gidatuan parte hartzeko aukera, 18:00etan.