Hizkuntz portaeren gainean hausnartzeko esketx sorta prestatu du Euskara Mahaiak

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 22a, 15:31

Herriko antzerkigileek egin dituzte zortzi bideo laburrak. Gaur plazaratu dute lehendabizikoa, bihar argitaratuko dute bigarrena, datorren astean beste bi, eta udazkenerako utziko dituzte lau.

Hizkuntza erabilerarekin lotuta Azpeitian ohikoak diren edo izan daitezkeen zortzi portaera, beste horrenbeste esketxetan irudikatuta. Lan horixe egin dute herriko antzerkigileek, Euskara Mahaiaren ekimenez eta eskariz, eta gaur zabaldu du lehendabiziko esketxa Azpeitiko Udalak: euskarazko birao sorta aberatsa jaso dute, eta Euskaraldi betean zabaldu ere bai, 11 egunez ahobizi, bizi-bizi izenburuarekin. Izan ere, bideo labur bakoitzak bere izenburua edo leloa izango du eta esketxaren amaieran agertuko da hori, irudikatu nahi duen portaerari erreferentzia eginez.

Udalak azadu duenez, "eguneroko egoeretan sortzen diren hizkuntza portaerak" dira esketxen ardatza, eta ikus-entzunezko horien bidez portaeron gainean "hausnartzea eta aldaketa eragitea" nahi du Euskara Mahaiak. "Hain zuzen ere, Euskara Mahaiak duen helburuetako bat da azpeitiarren hizkuntza kontzientzian eragitea", gogorarazi du udalak.

Esan bezala, Euskaraldiaren barruan estreinatu dute Euskara Mahaiaren esketx sorta, baina ez dituzte zortzi bideoak segidan emango: bihar argitaratuko dute bigarrena, datorren asteko ostegunean eta ostiralean –maiatzak 29 eta 30– emango dituzte beste bi, eta udazkenerako utziko dituzte azken lauak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide