Sanjuandegiko festak 2025

Nortzuk hobeak, Sanjuandegikoak ala kanpokoak?

Kris Fernandez 2025ko mai. 29a, 08:00

Julen Alberdi 'Txikia IV.a', Udane Ostolaza, Xabier Aranburu 'Guzta', Mikel LarraƱaga, Olaia Esnaola eta Jon Unanue 'Goenatxo III.a.

Erronka jokatuko dute igande eguerdian, Sanjuandegi auzoan jaiotako Mikel Larrañagak, Olaia Esnaolak eta Jon Unanue 'Goenatxo III.a'-k, eta kanpoan jaiotako Julen Alberdi 'Txikia IV.a'-k, Udane Ostolazak eta Xabier Aranburu 'Guzta'-k, elkarren kontra.

Berrikuntzak eskaini nahian, XJ Auzolanean festa batzordeak herri kirol erronka prestatu du ekainaren 1eko eguerdirako. Saltsa ere sortuko du ekitaldiak; izan ere, Sanjuandegin bertan jaiotakoen eta auzotik kanpo jaiotakoen arteko lehia izango da. 

Igandeko 13:00etan hasiko den ekitaldiko protagonistak bi taldetan banatuko dira: alde batetik, Mikel Larrañaga, Olaia Esnaola eta Jon Unanue Goenatxo III.a auzotarrak; eta beste aldetik, Julen Alberdi Txikia IV.a, Udane Ostolaza eta Xabier Aranburu Guzta kanpotarrak.

Goenatxo III.a harri jasotzaileari komentatu zioten lehenbizikoz erronkaren ideia, bera delako, batik bat, herri kirol emanaldiaren antolatzaileetakoa: "Aitak antolatzen zituen lehen Sanjuandegiko festen baitako herri kirol emanaldiak, eta haren erretiroaren ondoren, nik hartu nuen lekukoa. Horrela, aurtengo jaietara begira, ea erronka estiloko zerbait egiterik egongo zitekeen galdetu zidaten festa batzordeko kideek, eta buruari buelta batzuk eman ondoren, auzoan jaiotakoak kanpoan jaiotakoen aurka jartzea okurritu zitzaidan. Izan ere, bagara hiru auzoan jaiotakoak, eta kanpoko beste hiru aurkitzea zen ondorengo lana", agertu du Unanuek.

Taldeak finkatuta, Unanue bera Sanjuandegin jaiotakoen artean sartu da. Izan ere, gutxik jakingo dute, baina Unanue Azpeitian jaiotakoa eta bizitakoa da, zehazki Sanjuandegi auzoan. "Azkoitiar gisa hartzen banaute ere, 16 urtera arte Azpeitian bizi eta ikasi nuen. Bizimodua eta kuadrilla azpeitiarrak izan ditut beti, nahiz eta azken urteetan azkoitiartzen hasi naizen".

Etxean, auzoan, jokatzea berezia izango da bertako taldea osatzen duten hirurentzat: "Ohiko erakustaldi batekin alderatuta desberdina izango den zerbait egin behar dugu, eta gainera, etxean; ukitu berezia ematen dio horrek", agertu du Mikel Larrañaga aizkolariak. Olaia Esnaola harri jasotzailea ere auzotarra da, eta gustura hartu du proposamena: "Erronka desberdina da eta gogotsu nago; ea zer ateratzen den eta irabaztea lortzen dugun".

Lana eta babesa

Sei kirolarien baiezkoak lortuta, erronka bera zehaztea gelditzen zen, hau da, egin beharreko lanak adostea, eta hori duela aste batzuk egin zuten. Aizkoran zortzi egur izango dituzte, eta harri jasotzen, berriz, neskek 50 kiloko kubikoa, eta mutilek 113 kilokoa. Hala, seina jasoaldi egin beharko dituzte harri jasotzaileek, sei neskek eta sei mutilek, eta ondoren, bi enbor moztu beharko dituzte aizkolariek. Horrela lau itzuli egin beharko dituzte, harri jasotzaile bakoitzak 24na jasoaldi egin eta aizkolari bakoitzak zortzina enbor moztu arte. Lanak azkarren egiten dituen taldeak irabaziko du erronka.

Horrez gain, erronka hasi aurretik ere beste lan batzuk egin beharko dituzte: "Erakustaldi desberdinak egingo ditugu giroa berotzen joateko. Saltsa egongo dela baiezta dezakegu", azaldu du Unanuek. Esnaolak, berriz, "gogoz" dagoela dio: "Auzoan izateak edo babes handiagoa izateak ez dakit abantailarik ematen digun, baina, niri behintzat, animo edo gogo handiagoa emango dizkit irabazteko. Berezia izango da bertakoa izanda irabaztea, baina denok ere oso indartsu gaude, eta ikusi egin beharko da".

"Erronka handia da niretzat, izan ere, harri kubikoa erabili beharko dugu, eta niretzat gogorra izaten da harri hori. Presio gehigarri bat izango da, baina gustura eta gogoz nago ohikoa ez den erakustaldi bat egiteko. Babesa denok jasoko dugula uste dut, eta batzuetan, gainera, ondo etor daiteke espero ez den lekuan egotea, lasaiago hartzen baituzu", onartu du Udane Ostolaza harri jasotzaile oriotarrak. "Ohorea bakarrik dago jokoan, oraingoz behintzat. Egunean bertan ikusi beharko dugu", esan du Larrañagak. "Bazkariren edo afariren bat jokatu beharko dugu", dio Esnaolak, "eta galtzen duen taldeak bazkaria ordaindu beharko du!".

Plaza ona

Orain arte, Sanjuandegiko herri kirol erakustaldia arratsaldez egiten zen, baina azken urteetan jende gutxiago gerturatzen ari zela ohartuta, aurten ordutegia aldatzea erabaki dute, eta eguerdian izango da, 13:00etan. "Buruz buruko pilota txapelketaren finala izaten da egun berdinean, eta bi ekitaldiak ordu berdinean izateak eragina zuela nabaritzen hasita geunden. Horregatik, orduz aldatzea erabaki dugu eta ea lortzen dugun betiko jendetza biltzea", gaineratu du Unanuek.

Izan ere, Sanjuandegikoa beti izan da herri kirolentzat plaza ona. "Oso plaza ona da, nahiz eta, aurrez esan bezala, azken urteetan pilotako finalarekin batera tokatu, eta hor zertxobait galdu duen. Baina, Sanjuandegi beti gustura joaten zaren plaza da", esan du Unanuek. Iritzi berekoak dira gainontzeko kirolariak ere. Esnaola: "Gustura joaten naizen lekua da, bai erakustaldiak egitera eta baita festara ere. Urola Erdian plaza onak izaten dira orokorrean, giro ederrarekin eta animosoak. Azpeitia, beste leku batzuekin alderatuz, herri kirolak gehiago baloratzen dituen herria da". Txikia IV.a azkoitiarrak ere gustura joaten den auzoa dela dio: "Arerioen lurretan izango gara, baina gure aldekoak ere espero ditugu. Motibazio estra bat ere izango dugu, ordea. Giro ederra sortzen da beti Sanjuandegin, eta aurten ere erakustaldi on bat eskaintzea da helburua, giroak berdin jarrai dezan".

Urte asko dira Sanjuandegiko festen baitan antolatzen den herri kirol emanaldian parte hartzen dutela denek, eta guztiak erabat ados dira esatean "plaza bikaina" dela auzokoa, batik bat, jendearen harreragatik. "Sanjuandegiko festek gorakada nabarmena izan dute azken urteotan, jendea erakartzea lortu dute, eta ez dakit zer izango den, edo nola egin duten, baina lortu dutena ikaragarria da", esan du Larrañagak. "Aurten erronka bat izateak are pertsona gehiago bilduko dituelakoan nago, berezia izango delako, eta auzoak erantzungo duela uste dut", amaitu du Esnaolak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide