Azpeitian, Getarian eta Zumaian udaltzain postuak betetzeko otsailean iragarri zuten prozesu bateratua martxan da. Guztira, bost udaltzain kontratatuko dituzte hiru udalerriek –hiru Zumaiarako, eta bana Azpeitirako eta Getariarako–; plaza berririk ez dute aterako, lehendik dauden bost lanpostu egonkortzea eta horiei behin betiko izaera ematea baita deialdiaren xedea.
Joan den astean argitaratu zituzten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) deialdi honen oinarriak, eta iragarkia Estatuko Boletin Ofizialean argitaratu ondotik, udaltzain plaza horiek betetzeko interesa dutenek gaurtik ekainaren 19a arte –biak barne– eman dezakete izena hautaketa prozesuan. Zumaiako Udalak kudeatuko du kontratazio prozesua, eta erakunde horretan eman beharko dute interesdunek izena.
Oposizio-lehiaketa sistemarekin egingo dute hauketa prozesua eta "euskara, herriaren ezagutza eta gertutasuna funtsezko elementuak" izango dira hautaketa irizpideetan. Hainbat fase izango ditu prozesuak, eta horien guztien gaineko xehetasunak zein izena emateko jarraibideak Zumaiako Udalaren webgunean eskura daitezke.
Azpeitiko Udalak azaldu duenez, deialdi honekin lan-poltsa bat ere sortuko dute, "etorkizunean ager daitezkeen behar berriei erantzuteko". Tokian tokiko "inplikazioa" duten udaltzainak nahi dituzte hiru udalerriok: "Esperientziak erakutsi duenez, udalerritik kanpoko hautatu asko ez dira egonkortzen eta azkar alde egiten dute, eta prozesu honekin tokian tokiko inplikazioa duten udaltzainak hautatzea da helburua".