Azpeitiko Udalak antolatuta, sare sozialen inguruko solasaldia eskainiko dute asteakenean Basazabal jauregian. Hain zuzen, Share, Like… eta hezkuntza? Sare sozialen gida gurasoentzat izeneko hitzaldia eskainiko dute Hazkundeko kideek, 18:00etan hasita.
Udalaren arabera, "sare sozialen presentzia gero eta handiagoa da gazteen eguneroko bizitzan, eta horrek hainbat zalantza sortzen dizkie gurasoei". Horiei erantzutea dute xede hitzaldiarekin: "zertarako erabiltzen dituzte, zer arrisku eta aukera eskaintzen dituzte, nola lagundu erabilera osasuntsuagoa egiten". Besteak beste, gai hauek landuko dituzte hitzaldian zehar: zein diren haur eta nerabeek gehien erabiltzen dituzten sare sozialak, zergatik diren hain erakargarriak, zer eduki jarraitzen dituzten gehien, zer arrisku dauden, zer egin dezaketen gurasoek eta abar.
Udalak jakinarazi duenez, euskaratik gaztelerarako itzulpen zerbitzua egongo da behar dutenentzat, eta galderak egiteko tartea ere eskainiko dute.