Erronka berriak zeintzuk diren azaltzeko hitzaldia antolatu du ekainaren 11rako Harrera elkarteak

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 28a, 08:20

Espetxe baten irudia. (Pixabay)

Presoen, deportatuen eta erbesteratuen kopurua nabarmen jaitsi da, baina Harrerak adierazi du "zorioneko egoera" horrek elkartearen "erronka biderkatzea" eragin duela. Egoera berriari aurre egin ahal izateko, 5.000 bazkide baietz! kanpaina aurkezten ari da Harrera herriz herri, eta ekainaren 11an Azpeitian egingo du geldialdia.

Euskal presoak, iheslariak eta deportatuak gero eta gutxiago direnez, erronka berriak ditu espetxetik edo erbestetik itzultzen diren herritarrei laguntza emateaz arduratzen den Harrera elkarteak. Erronka horien berri ematen ari dira elkarteko kideak herriz herri, 5.000 bazkide baietz! kanpainaren baitan. Azpeitian ere hitzaldia eskainiko dute ekainaren 11n, asteazkenez; Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan.

"Jakina da, azken urte gutxitan goitik behera aldatu dela espetxeratuen, erbesteratuen eta deportatuen egoera. Hori horrela izanik, jada ez dago lehen graduan inor, dispertsioarekin amaitu zen eta errefuxiatu eta erbesteratu asko jada gurekin daude. Horrez gain, espetxeratuta dauden kideen kopurua ere asko murriztu da eta, zorionez, presorik gabeko eguna duela urte gutxi baino askoz gertuago dago", adierazi du Harrera elkarteak ohar bidez.

"Zorioneko egoera" horrek, baina, erakundearen "erronka biderkatzea" ekarri duela ohartarazi du, funtsean, inoiz baino espetxeratu, erbesteratu eta deportatu ohi gehiago daudelako. Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, espetxean edo erbestean urteak igaro dituzten pertsona asko "jubilazio aukerarik gabe" iristen dira beren etxeetara, eta horietako batzuek etxebizitzarik edo babes sarerik ere ez dute eta beste zenbaitek osasun arazoak pairatzen dituzte. 

Pertsona horien beharrei erantzuteko herritarren laguntza behar du Harrerak. Hori dela eta, ekainaren 11ko ekitaldian erronka bat jarriko die herritarrei: 5.000 bazkide izatera iristea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide