Laugarren urtez jarraian, hanburgesa txapelketa eta garagardo dastaketa egin dute Azpeitiko Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako harakinen elkarteak, Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkarteak Azpeitian. Aurten, gainera, berrikuntza gisa, Azpeitiko hanburgesa onenaren txapelketa ere egin dute, eta bi mailatako txapelak herrian bertan gelditu dira. Izan ere, Azpeitiko Odriozola harategiak irabazi du Gipuzkoako Hanburgesa Txapelketa, eta DA tabernak Azpeitiko hanburgesa onenarena.
Gipuzkoako hainbat txokotako hamazazpi harakinek parte hartu dute lurraldeko lehiaketan, eta Valentin Odriozolarenak irabazi du lehen saria. Bigarren sailkatu da Ibarrako Tolosa harategia eta hirugarren Azpeitiko Ermela urdaitegia. Gipuzkoako harategietako hanburgesen kasuan, epaimahaikideek haragiak soilik dastatu dituzte, ez hanburgesa osoa.
Azpeitiko tabernen arteko lehian, berriz, hanburgesak oso-osorik aurkeztu behar izan dituzte, haragi, ogi, osagarri eta guzti. Sariketa hortako irabazlea astean zehar egin duten dastaketan erabaki du epaimahaiak, eta atzo jakinarazi zuten emaitza: DA tabernakoa da aurkeztutako hanburgesarik onena. Bigarren sailkatu da Ertz taberna eta hirugarren Mendizabal erretegia. Hamar taberna-jatetxek parte hartu dute lehiaketan. Hauek, hain zuzen: Ertz, Mendizaliek, Aisialdi, Da, Mendizabal, Main, Osinazpi, Sanagustin, Etxe-Zuri eta Pastorkua.
Irabazleen adierazpenekin eta atzoko irudiekin osatutako bideoa plazaratuko du Gukak egunean zehar.