Patxangoi eta Xaukena elektrotxarangen emanaldiarekin, epaiaren zain gelditu da lehiaketa

Maialen Etxaniz 2025ko mai. 25a, 20:15

Atzoko emanaldiekin bukatu da Euskal Herriko laugarren Elektrotxaranga Lehiaketa. Lau astez musikaz alaitu dituzte Alde Zaharreko kaleak zazpi elektrotxarangek. Datozen egunetan jakinaraziko dute irabazlearen izena. 

Lau larunbatez herriko kaleak musikaz bete dituzte hainbat elektrotxarangek Azpeitiko Udalak eta Azte tabernarien elkarteak antolatutako Euskal Herriko laugarren Elektrotxaranga Lehiaketarekin. Atzokoa izan zen laugarren eta azken saioa, eta Patxangoi eta Xaukena taldeen txanda izan zen. Ohi bezala, 19:00etan atera zen aurreneko taldea plazatik, eta 20:30ean bigarrena Perez Arregitik. Horien emanaldiak amaituta, epaiaren zain gelditu da txapelketa. 

Aurten, zazpi talde aritu dira lehian. Hain zuzen, Zutik, Elektrotxufla, 3indarrok, Elektrotxorongo, Elektrokela, Patxangoi eta Xaukena izan dira aurtengo sariketan parte hartu dutenak. 

Aurten, berrikuntzak egin dituzte sarietan. Hori dela eta, irabazleak ez ezik, bigarren sailkatuak ere jasoko diru diru saria. Elektrotxaranga irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, baita saninazioetan emanaldi bat eskaini ere. Bigarren sailkatzen denak, aldiz, 1.000 euroko saria jasoko du.

Udalak azaldu duenez, epaimahaia musikan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta "hainbat irizpide" izango dituzte kontuan irabazlea aukeratzeko: "musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara, parekidetasuna…".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide