Lehenengo ironmana osatu ostean, Espainiako Triatloi Txapelketako bosgarren postuan da Eider Bereziartua

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 26a, 15:42

Eider Bereziartua, Zuiako duatloian helmugara iristen. (Utzitakoa)

Kirolari azpeitiarrak seigarren egin zuen Oropesa del Mar-en jokatu zen distantzia luzeko triatloian eta, emaitza horri esker, Espainiako Triatloi Txapelketako sailkapen orokorraren bosgarren postuan kokatu da.

Eider Bereziartuak bere lehenengo ironman distantziako triatloia osatu zuen larunbatean Oropesa del Mar udalerrian (Herrialde Katalanak), eta emaitza horri esker, bosgarren kokatu da Espainiako Triatloi Txapelketaren sailkapen orokorrean.

Bizkaiko Peñota Dental Alusigma taldean lehiatzen duen kirolari azpeitiarrak 10 ordu, 19 minutu eta 51 segundotan gurutzatu zuen helmuga, 3,8 kilometro igeri, 178 kilometro bizikletan eta 42 kilometro korrika egin ostean. Gainera, Bereziartuaren taldeak erdietsi zuen lehenengo postua.

Lasterketaren egunean "beroa" egin zuela adierazi du Eider Bereziartuak, eta azkenengo 10-15 kilometrotan asko sufritu zuela aitortu du. Hala ere, "pozik" agertu da emaitzarekin: "Lasterketa ona egin nuen, dena prestatu bezala atera zen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide