EMMOA fundazioarekin hitzarmena eginda, aurrera doa Mendietxe museoaren bigarren fasea

Aitziber Arzallus 2025ko mai. 26a, 17:14

Alex Txikon Mendietxe museoaren sustatzaile nagusia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko, Azpeitiko Udaleko eta EMMOA fundazioko ordezkariak, besteak beste. (Aitziber Arzallus)

Abian dira Mendietxe museoaren bigarren faseko lanak. Bigarren solairu bat izango du Esklabetan kokatutako museoak eta han bere lekua izango du EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak. Azpeitiko Udalak 20.000 euroko ekarpena egingo dio bigarren fase horri. 

Sei hilabete dira Mendietxeren ateak zabaldu zituztela. Harrezkero, 3.000 lagun baino gehiagok bisitatu dute Esklabetan kokatutako museoa; horietatik %35 Euskal Herritik kanpoko bisitariak izan dira, gainera. Zifra horiek eman ditu, besteak beste, Alex Txikon mendizale eta proiektuaren sustatzaile nagusiak gaur goizean museoan bertan egindako agerraldian, eta esan du museoa zabaldu zutenetik "egunik zoriontsuena" dela gaurkoa. Izan ere, Mendietxek eta EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak lankidetzarako hitzamena sinatu dute, eta prestatzen ari diren museoaren bigarren solairuan, fundazio horrek bere lekua izango du.

Alpinismoari lotutako nazioarteko erreferentziazko zentroen artean kokatzeko bidean beste urrats izango da museoaren bigarren fasea. Baina ez da horretan geldituko, hirugarrren bat ere aurreikusten baitute. "Bigarren fase honekin, bisitariak alpinismoa ikusteaz gain, sentitzea, bizitzea eta barrutik ulertzea nahi dugu. Benetako espedizio espazioak irudikatuko ditugu: iglu bat, ermita bat, aterpe bat… Ezagutza sortu nahi dugu, eta baita emozioa ere", adierazi du Txikonek.

Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol sailaren babesa du, eta baita Azpeitiko Udalarena ere. Hori horrela, gaurko agerraldian parte hartu dute, Txikonez gain, Goizane Alvarez foru diputatuak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Miren Eizmendi Nafarroako Federazioko presidenteak eta Txomin Uriarte EMMOAren lehendakariak ere.

Erakundeen babesa

"Mendietxe museoa babestea proiektu berezi baten alde egitea da, errotua, nazioarteko bokazioarekin eta hezkuntza karga sakonarekin", adierazi du Alvarrezek. "Funtsezko pieza da gure kultura politikarako, hurbiltasunari, parte hartzeari eta lurraldearekiko loturari dagokionez. Mendietxek memoria zaintzeaz gain, sorkuntza eta elkarrizketa modu berriak bultzatzen ditu", nabarmendu du.

Etapa berri honetako mugarri garrantzitsuenetakoa EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioaren eta mendietxe museoaren arteko lankidetza da. Akordio horrek esan nahi du alokairuan –16.500 euro urtean–, euskal alpinismoaren historia biltzen, kontserbatzen eta zabaltzen hamar urte baino gehiago daramaten euskal mendizaleen ondarea sartuko dela esklabetan. Miren Eizmendik nabarmendu du, adibidez, Mendietxen geldituko dela emakumeen euskal mendizaletasunaren historiari buruzko Gailurretan izan gaitun erakusketa. Eizmendik zein Uriartek aukera bikaintzat jo dute bi eragileek egindako lankidetzarako hitzarmena, eta hau ibilbide baten hasiera besterik ez dela izango nabarmendu dute.

EMMOAren lankidetzak, gainera, museoa nazioarteko esparrura irekitzea ekarriko du, IMMA Mendi Museoen Nazioarteko Aliantzaren parte delako –2017tik partehartzaile gonbidatu gisa eta 2025eko apirilaren 30etik eskubide osoko kide gisa–. Bere funts dokumentalak, objektu historikoak eta ikus-entzunezko materiala gehituta, EMMOAk balio zientifikoa, sakontasun historikoa eta ondare jarraitutasuna emango dizkio proiektuari, Mendietxe Euskal Herriko mendizaletasunaren gune neuralgiko izateko bokazioa osatuz. Lankidetza horrek, gainera, ikerketa espezializaturako sarbidea, adituen parte hartzea eta euskal mendizaletasunak nazioartean duen zereginari buruzko narratiba kolektibo bat sendotzea erraztuko du.

Azpeitiko Udalak ere 20.000 euroko ekarpena baieztatu du proiektuaren bigarren faserako, horrela, inguruko natura eta kultura ondareari balioa emateko konpromisoa berretsiz. Inbertsio berri horrek aukera emango du espazioa egokitzeko eta herritarrei zuzendutako eduki didaktikoak garatzeko. Nagore Alkorta alkateak azpimarratu duenez, "Mendietxe museoa gure ingurune naturalaren ezagutza eta kontserbazioa sustatzeko ekimen estrategikoa da; mendia ez da paisaia bakarrik, gure nortasun kolektiboaren zati bat baizik".

Hirugarren fasea, digitalizazioarena

Hirugarren fasea, digitalizazioarena eta irisgarritasunarena izango da. 2026 eta 2027 urteean artean gauzatuko dute hori eta horrek ekarriko du museoan tresna digital aurreratuak ezartzea: QR kodeak beira arasetan eta piezetan, multimedia edukiekin; audiogida eleanitzak eta tematikoak, ibilbide egokituekin; irisgarritasun unibertsala, audiodeskribapena, irakurketa erraza, zeinu hizkuntzako signogidak; eta erabateko integrazio digitala esperientzia pertsonalizatu eta koherente baterako.

Fase hau Biok komunikazio agentziak koordinatuko du, museoko bilduma osoa irizpide profesional eta zientifikoekin katalogatzeaz arduratuko den historialari baten parte-hartzearekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide