Ekainaren 8an jokatuko dute Azpeitiko zezen plazan Euskal Duatloiaren I. Mailako Txapelketa, eta sarrerak salgai daude jada euskatloiaren webgunean. Ekainaren 1a baino lehen eskuratuz gero, hogei euro ordaindu beharko dira sarrerak, eta 25 eurotan salduko dituzte horiek astelehenetik aurrera.
Orotara, hamabi kirolarik neurtuko dituzte indarrak 17:30ean hasiko den proban, eta 2025eko Euskal Duatloiaren txapelduna nor izango den erabakiko da Azpeitiko zezen plazan. Maiatzaren 24an bigarren mailako txapelketa jokatu zuten 19 kirolarik, eta Julen Alberdi Txikia IV.ak bereganatu zuen txapela. Azkoitiarraren atzetik, Eneko Saralegi, Jokin Urretabizkaia, Joseba Otaegi Getariako bizilaguna, Xuban Kañamares eta Eloy Corchero izan ziren azkarrenak, eta, beraz, ekainaren 8ko finalean izango dira horiek ere. Aurretik lehen mailan jokatzen zuten gizon hauen aurka neurtuko dituzte indarrak: Ugaitz Mugerza iazko irabazlea, Ibai Soroa, Arkaitz Jauregi, Oier Kañamares, Julen Kañamares eta Xabier Zaldua.
Bigarren mailako lehia hartan, Txikia IV.ak 10 minutu eta 3 segundotan osatu zituen lanak: aurrena, 45 ontzako etzandako egurra ebaki zuten, ondoren 45 ontzako zutikako egurra, eta azkenik, 500 metro egin zituzten korrika –bost itzuli zezen plazari–. Hori guztia, birritan egin behar izan zuten bigarren mailako lehiakideek, eta are exijenteagoa izango da finala: lau aldiz egin beharko dituzte lan horiek.
Hortaz, Euskal Duatloiaren I. Mailako Txapelketa "azkarragoa, ikugarria eta gogorragoa" izango dela iragarri dute antolatzaileek. Gainera, maiatzaren 24ko proba "parekatua" –irabazleak baino 12 segundo gehiagotan osatu zituen lanak Eneko Saralegik– izan zenez, uste dute finala "lehiatua" izango dela.