Duela gutxi, Interneten kuxkuxean ari nintzela, nire arreta deitu zuen albiste bat irakurri nuen: NASAk, azkenean, 2023an aurkitutako Munstro Berdea deituriko fenomeno astronomikoa azaldu zezakeela zioen albistea. Modu honetan definitzen zuten: “astronomoen arreta bereganatu duen izar-leherketa bat; izan ere, leherketa eragin zuen izarrak bizitza laburra baina intentsoa izan zuen, erregai nuklearra oso azkar kontsumitu baitzuen. Horregatik, kolapsatu zenean, bere galaxia osoko argia lausotu zuen une batez”. Berehala, nire labidearekin gogoratu nintzen, eta pentsatu nuen gure lana zertan datzan azaltzea zeinen zaila egiten zaidan.
Bat batean, Munstro Berdeak ate bat ireki zidan, eta metafora horren bidez, gizarte esparruan lan egiten dugun hezitzaileok zertan dihardugun azaltzeko aukera eman zidan. Baina ez hori bakarrik, artatzen ditugun familien eta gainerakoen artean lotura sortzea ere ahalbidetzen zidan; izan ere, azken finean, Munstro Berdeak guztiok inguruan ditugun izakiak dira.
Neurozientziak izaki baten bizitzako lehen hilabeteak oso garrantzitsuak, funtsezkoak, direla frogatu du, gizakiaren garapenean garai horretan bakarrik gertatzen diren konexio batzuk gauzatzen baitira garunean. Gainera, haurrak, lehen bi hilabeteak bete arte, duen usainagatik edota bere bihotz taupadengatik ezagutzen duen zaintzako figura nagusia soilik barneratu dezake, ez du zaintza figura berriak gehitzeko gaitasunik. Horrez gain, jaiotzen direnean ez dira ohartzen amarengandik fisikoki banandu direla, hau da, ez dute ulertzen beste gorputz bat direla, eta denbora batez, ama eta haurra bat direla sentitzen dute.
Jaiotzaren aurretik, amak "amatasunaren lehen exaltazioa" deituriko prozesu bat bizi du. Hau, naturak ama haurraren zaintzarako prestatzeko duen modua da, txikiaren biziraupena guztiz amaren mende baitago. Prozesu horretan, funtsezkoa izango da zaintzailearen eta haurraren artean "sintonia emozionala" deritzona sortzea: haurrarekin konektatzeko gaitasuna garatzea, honen ongizatea bermatzeko. Ongizatea diogunean, ezta soilik oinarrizko behar fisikoei erantzutea (elikadura, garbitasuna), komunikazioarekin loturiko guztia ere barne hartzen da. Haur batekin komunikatzea ezinbestekoa da, eta hori urrumaren, ahotsaren, tonuaren, larruazalaren, kontaktuaren, abestien eta abarren bidez egiten dugu.
Guzti hori bizitzako lehen hilabeteetan gertatzen da. Baina, gainera, hiru urtera arte, zaintzaileek haurrei emandako esperientziek —edo beste era batera esanda, euren burua eta mundua nolakoa den azaldu dieten moduak— erabakiko dute helduaroko harremanetan nola jokatuko duten. Hau da, haur bati gertatzen zaiona azaltzeko moduak, edo ez azaltzeak, eragin zuzena du haien harremantzeko moduan, gaitasun erreflexiboan, bere burua ikusteko moduan, mundua pertzibitzeko eran eta besteek bera nola ikusten duten pentsatzeko moduan.
Mundu hori, segurtasunez hazteko, jolasteko eta abenturaz betetako leku zoragarri bat izan daiteke, zeinetan erortzen naizenean edota negar egiten dudanean altxatzen laguntzen didaten; edo bakarrik sentitzen naizen, ulertua ez naizela sentitzen dudan, gaiztoa naizela uste dudan eta maitasuna merezi ez dudala sentitzen dudan leku arriskutsu bat izan daiteke.
Hor hasten da Munstro Berdeen istorioa.
Izaki beldurgarri horiek ez gara gu, baina geure barruan izan edo besteengan ikus ditzakegu. Familia-istorietan errepikatzen diren munstroak izaten dira askotan, madarikazio moduko herentzia batekin belaunaldiz belaunaldi igarotzen direnak. Konparazio batera, txakur baten moduan (Bruce Perry eta Maia Szalavitzen El Chico al que criaron como un perro liburuari erreferentzia eginda) hazitako guraso bati bere seme-alaba heztea dagokionean, bere baitan daraman munstro horrek, sarritan, gain hartuko dio, eta lehen azaldutako prozesua ezingo da burutu. Hori horrela ez izateko modu bakarra kolektiboaren laguntza edukitzea da: norbaitek nola egin erakustea, laguntzea, eta elkarrekin ulertaraztea munstro hori ez dela bera, baizik eta familiaren parte dela ulertzea eta onartzea, bera elikatu gabe eta bere itzalarekin bizitzen ikasiz.
Sarritan, laguntza prozesu hau ez da ematen, beranduegi iristen da edo eman arren, munstroek jendea jan egiten dute, helduak zein haurrak jaten dituzte. Horregatik, batzuetan beharrezkoa da haurra eta familia banantzea, haurra babestu eta, ahal den neurrian, gurasoekin lan egiteko, hauek ezpataz, kaskoz, ezkutuz, zaldiz edo behar dutenez hornitzeko, euren munstroei aurre egin diezaieten. Eta gero, beren seme-alabak ikustea ahalbidetuko dieten betaurreko on batzuk edukitzea, ikustea, ekintza fisiko baino, ekintza mental gisa ulertuta. Hau da, beste pertsona bere emozio, pentsamendu eta bizipen propiekin ikustea, norbereengandik bereizirik, nahiz eta gure seme-alabak izan.
Agian, orain, sufritzen ari diren familiekin eta beraien seme-alabekin lan egiten dugun hezitzaileok azal dezakegu haiek dituzten Munstro Berdeak eurengandik eta euren harremanetatik beharrezko distantzian mantentzeko ahalegina egiten dugula.
Gure ahalegina egiten dugu munstro horiek hautematen ikas dezaten, noiz azaleratuko diren aurreikusten jakin dezaten, zerk aktibatzen dituen uler dezaten, eta errua, beldurra, gaitzespena, tristura, “ez naiz gai”, “ez dut balio” eta “ez dut maitatua izatea merezi” bezalako sinesmenak beren heziketan lagun izan duten eta bizitzan zehar eurekin joango den munstroari egotzi diezazkieten.
Aldi berean, saiatzen gara azaltzen munstro horiek ez direla familia disfuntzionaletan soilik agertzen; izan ere, txikiagoak edo handiagoak izanda ere, persona orori egiten digute itzal. Ezberdintasuna honakoa da: batzuok momentu egokian lortzen dugu alboan dugunaren –lurretik, miseriatik, lokatzetik edo dena delakotik altxatu eta besarkatzen gaituenaren, maitagarri garela erakusten digunaren– eskua heltzea, eta beste batzuek ez, ez delako halako eskurik egon, hartu ez dutelako edo mila arrazoirengatik.
Munstro Berdeak leku guztietan daude, eta uste dut oso garrantzitsua dela bakoitzak berea ezagutzea. Nire munstroa nire semeak marraztu zuen egun batean, eta Malo Manchurrion izena jarri zion.