Azpeitiak Oiartzunen aurka neurtuko ditu indarrak bihar, Herriarteko final laurdenetan

Maddi Txintxurreta 2025eko maiatzaren 29a

Azpeitiko eta Alegiko pilotariak partida batean.

Etxean, Izarraitz pilotalekuan, jokatuko dituzte azpeitiarrek final laurdenetako joaneko partidak. 21:00etan hasiko da lehia.

Azpeitiko pilotariek Oiartzungo (Gipuzkoa) pilotariak izango dituzte aurkari bihar, ostiralez, Herriartekoen final laurdenetako joaneko partidetan. Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzte neurketak, 21:00etan hasita.

Bihar Azpeitiaren izenean jokatuko duten pilotariak honakoak izango dira: kadeteen mailan Ioritz Arsuagak eta Markel Mendizabalek (ordezkoa, Julen Larramendi); gazte mailan Iñigo Sarasuak eta Jokin Artetxek (ordezkoa, Mikel Iturralde); eta nagusietan, Iker Egiguren eta Urtzi Egiguren (Ordezkoa: Aimar Egiguren). Botillero Josu Uzkudunek jardungo du.

Final zortzirenetan, Alegia kanporatu zuten Ilunpe elkarteko pilotariek, 5-1 eginda. Joaneko partidak Alegian jokatu zituzten, eta han 1 eta 2 irabazi zuten Azpeitikoek: kadete mailako partidan, 16 eta 22 gailendu ziren Ilunpeko Arsuaga eta Mendizabal; gazte mailako partidan, 6 eta 22 irabazi zuen Iturralde eta Artetxe bikoteak; eta nagusien mailako partidan, 22 eta 13 galdu zuen Egiguren-Egiguren bikoteak.

Itzulerako partidak Izarraitz frontoian jokatu zituzten, eta Azpeitikoek hiru partidetan gailendu ziren: kadeteetan, 22 eta 5 irabazi zuten Mendizabalek eta Arsuagak; gazteen mailan, 22 eta 8 nagusitu ziren Artetxe eta Iturralde; eta azkenik, nagusietan, Egigurenek eta Larrañagak 22 eta 5 irabazi zuten.

Gaur banakako jardunaldia

Bestalde, gaur osteguna, eskuz banakako lau eta erdiko txapelketako partida jokatuko du Ilunpeko Azkuek Oiarpeko Etxeberriaren kontra, 20:15ean hasita, Izarraitz pilotalekuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide