Feministen Sarearen elkarretaratzearekin bat egin du udalak

Aitziber Arzallus 2025ko mai. 30a, 12:52

Azpeitiko udaletxea, Azaroaren 25ean.

Hildako neskaren senideei eta gertukoei elkartasuna adierazi die erakundeak, eta azpimarratu du eskubide urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea eta horiek salatzea herritar guztien ardura dela. 

Bart Bilbon izan den hilketa matxista salatzeko oharra kaleratu du Azpeitiko Udalak, eta hildako neskaren senitartekoei eta gertukoei elkartasuna adieraztearekin batera, Azpeitiko Sare Feministak bihar eguerdirako antolatu duen elkarretaratzean parte hartzera dei egin du. Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan egingo dute elkarretaratzea, bihar, 12:30ean. 

Erakundeak adierazi duenez, urtea hasi zenetik Euskal Herrian izan den laugarren erailketa matxista da gaurkoa, eta 2003an hilketa matxistak erregistratzen hasi zirenetik, 129 dira Euskal Herrian izandako hilketak. Udalak esan du ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik, ez Azpeitian eta ez beste inon ere. Eta urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea eta horiek salatzea herritar guztien ardura dela azpimarratu nahi du.

Emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazo bat" dela azpimarratu du erakundeak, eta indarkeria mota horren helburua dela "emakumeak kontrolpean eta mendean" izatea dela. "Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile".

Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren "muturreko espresioa" dela iritzita, erasoei aurre egiteko ezinbesteko jo du gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea. Horregatik, Azpeitiko Udalak ziurtatu du gainerako erakunde publikoekin batera lanean jarraituko duela "berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri horri" irtenbidea bilatu beharra dagoelako. "Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu".

Azkenik, herritarrei gogorarazi dien erasoren baten aurrean honako telefonoetara dei dezaketela:

  • Gizarte Zerbitzuak: 943-15 71 92
  • Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13
  • Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00
  • Ertzaintza: 112

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide