Oiartzunen irauli beharko du Azpeitiak Herriartekoaren final laurdenetako kanporaketa

Andoni Elduaien 2025ko mai. 31a, 08:26

Arsuaga, sakea ateratzen. (Andoni Elduaien)

Kadeteen eta nagusien mailako partidak galdu zituen atzo Azpeitiak, Oiartzun iazko txapeldunaren aurka. Gazte mailan garaipen argia lortu zuen Azpeitiak, eta horrek bizirik mantentzen ditu Ilunpekoak. Datorren astean jokatuko dituzte itzulerako partidak, Oiartzunen. 

Azpeitiko Ilunpe pilota elkarteko ordezkariek galdu egin zuten atzo, ostirala, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final laurdenetako joanekoa. Etxean, Izarraitz pilotalekuan, aritu ziren Ilunpekoak, eta 1-2 galdu zuten azken urteetan Herriartekoan txapel bat bestearen atzetik irabazten ari den Oiartzunen aurka. 

Kadete mailan, Arsuagak eta Mendizabalek 11-22 galdu zuten; gazte mailan lortu zuen Azpeitiak garaipena, Artetxek eta Sarasuak 22-7 irabazi baitzuten. Aldiz, nagusietan, Oiartzugoek 16-22 menderatu zuten Egiguren-Egiguren bikotea.

Kanporaketa zail jarri zaio Azpeitiari, baina baditu oraindik aukerak aurrera egiteko. Nagusien mailan jokatu zuten partidarik estuena, eta Ilunpekoek lehia horretan ahalegindu beharko dute Oiartzunen puntua lortzen; izan ere, atzo pilatutako tantoetan ez dago alde nabarmenik: Azpeitiak 49 tanto egin zituen, eta Oiartzunek, 51 tanto. 

Herritar asko bildu zen frontoian. (A. Elduaien)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide