Joxe Takolo zenaren irudia eramango du Itsasaldeko Ibilaldi Neurtuko kamisetak

Ihintza Elustondo 2025ko eka. 1a, 08:30

Joxe Takoloren irudia darama Itsasaldeko Ibilaldi Neurtuko kamisetak. (Lagun Onak mendi bazkuna)

Aurten 25 urte beteko dira Joxe Urbieta Takolo hil zela, eta haren irudia eramango du Itsasaldeko Ibilaldi Neurtuko kamisetak. "Omenaldi xumea egin nahi izan diogu", adierazi du Lagun Onak mendi bazkunak. Oraindik zabalik dago ibilaldian izena emateko epea.

Ekainaren 15ean egingo du Lagun Onak mendi bazkunak XXVI. Itsasaldeko Ibilaldi Neurtua. Maiatzaren hasieran eman zuen mendi taldeak horren berri, baina orain beste albiste bat kaleratu du Lagun Onakek ibilaldi horri lotuta: aurten 25 urte beteko dira Joxe Urbieta Takolo hil zela, eta haren irudia eramango du Itsasaldeko Ibilaldi Neurtuko kamisetak. "Omenaldi xumea egin nahi izan diogu", adierazi du Lagun Onak mendi bazkunak.

Bi aste barruko hitzorduan, bi ibilbide jarriko dituzte aukeran: luzeak 26 kilometro ditu eta motzak 16 kilometro. Biak Izarraizko natur gunean barrena izango dira, eta Erloko gailurra izango dute gunerik altuena. Azpeitiko plazan hasi eta bukatuko dira.

Ibilbide luzekoek 07:00etan irtengo dute Azpeitiko plazatik. Ibilbideak 26 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa du. Ibilbidearen zailtasun maila ertaina da. Ibilbide laburrekoen irteera 08:00etan izango da Azpeitiko plazan. 16 kilometroko eta 1.050 metroko desnibel positiboko bidea egingo dute. Kasu horretan ere, ibilbidearen zailtasun maila ertaina da.

Bukaeran, partaide guztientzako paella eta sagardoa egongo dira, baita dutxa zerbitzua ere Izarraitz pilotalekuan. Antolatzaileek gogorarazi dute, ibilbide neurtuko anoa postuetan ez dela edalontzirik egongo, eta norberak arduratu beharko duela bere edalontzia eramateaz.

Izen ematea, zabalik

Oraindik zabalik dago ibilaldi neurtuan izena emateko aukera, www.kronoak.com webgunean. Mendizale elkarteko bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute izena emateko eta bazkide ez direnek 20 euro. Ibilaldi neurtuaren egunean bertan ere izena emateko aukera izango da 25 euro ordainduta. Kasu horretan, ordea, izena ematen duenak ez du kamiseta ziurtatuta izango.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide