Gari Uzkudun azpeitiarrak Azkoitiko Altzibar eta Plazaberri artean jokatu duten Erlojupeko Kilometroa proba irabazi du gaur, zapatua. Hamazazpi korrikalarik parte hartu dute Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeak antolatutako erronkan, baina inork ez du lortu probaren orain arteko markak haustea.
Gizonetan, Uzkudunek bi minutu, 41 segundo eta 80 ehuneneko denboran egin du Altzibar eta Plazaberri arteko kilometroa; ia lau segundo gehiago behar izan ditu Unai Sarriegi azkoitiarrak –02.45.30– eta zazpi segundo eskas gehiago Julen Zialtzetak –02.48.12–.
Uzkudunek kilometroa hiru minututik jaistea lortu badu ere, hark ez du probako errekora hobetzerik lortu. Iaz, Bingen Aranbarrik egindako denbora da orain arteko denborarik onena; hark bi minutu eta 23 segundoan lotu zituen Altzibar eta Plazaberria. Emakumeetan, berriz, Jone Zabaleta azkoitiarrak du probako errekorra, bi minutu eta 54 segundoko denborarekin.