Bost udaltzain kontratatzeko prozesu bateratua jarri dute martxan Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek, eta ELA sindikatuak kontratazioan "lan baldintza prekarioak saihesteko" eskatu du. Lanpostu berriak sortu baino, daudenak egonkortzea dela helburu iragarri zuten hiru udaletako alkateek prozesuaren berri eman zutenean, otsailean, eta dagoeneko hasi dira pausoak ematen; izan ere, maiatzaren 23an zabaldu zuten Zumaiako Udala kudeatzen ari den prozesuan parte hartzeko aukera.
ELAk "soldata duinak eta udaltzain lanean izandako lan esperientzia kontuan" izatea eskatu die udalei. Halaber, udaltzainek kontratatzeko erabakia txalotu egin zuela gogorarazi du sindikatuak, herritarrengandik "gertuago dagoen nahiz deszentralizatuago eta euskaldunago den" Udaltzaingo ereduaren alde egin dutelako. Dena den, erabakiarekin alde egonagatik, oinarriak aldatzeko eskatu die hiru udalei, "lan baldintza prekarioak" saihestu ahal izateko.
Udaltzain horiek jasoko duten soldatak aipatu ditu, alde batetik, ELAk. Formazio prozesuan dauden udaltzainei "800 euroko soldata prekarioak ordaindu ordez, beren lanari dagokien soldatak ordaintzea" eskatu du. Gainera, sindikatuak oharrean jasotzen duenez, Azpeitiko Udalak onartu du eskaera hori, eta erabaki bera hartzera animatu ditu Getariako eta Zumaiako udala ere.
Bestalde, behin-behinean lanean ari diren udaltzainen esperientzia "benetan baloratzea" ere eskatu du ELAk, horretarako oinarrietan agertzen diren "esperientzia puntuazio testimonialak" aldatuz. Gainera, udal horietan gauzatu dituzten kontsolidazio prozesuen bideari jarraitzea ere eskatu du sindikatuak.