Azken txanpan sartu dira Sanjuandegiko festak. Goizean goiz, oraindik indarrak gordetzen zituztenek UK03 txarangaren emanaldiaz gozatu dute, 06:00etan hasita, eta ondoren, bigantxak eta jolasak izan dira. Geroago, 11:30ean, auzoko festetan ohikoa den dantzari txikien emanaldia egin dute Jose Antonio Agirre plazan, eta herritar ugari bertaratu dira ikuskizunaz gozatzera.
Eguerdiran, 13:30ean hasita, berriz, herri kirol erronka jokatu dute auzoan jaiotakoek kanpokoen kontra. Auzotarrak ordezkatzen, Mikel Larrañaga, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Olaia Esnaola aritu dira, eta kanpokoen izenean, berriz, Julen Alberdi Txikia IV.a, Xabier Aranburu Guzta eta Udane Ostolaza. Auzoz kanpokoek irabazi dute gaurko erronka.
Arratsaldean, artisau azoka egingo dute, 16:00etan hasita, eta 19:45ean zozketa eginda, ordu laurden geroago igoko dute Mantangorri atzera berriro auzoan gora, festei agur esateko.