Azpeitiko Udalak ibilgailuentzako hamar kargagailu elektriko –22 kW-ko pontentzia izango du hartune horietako bakoitzak– jarriko ditu herriko enpresetan, eta lantegiek dagoeneko egin ditzakete horiek jartzeko eskaerak. Ekainaren 30era arte izango dute horretarako aukera, beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuta. Honako lotura honetan irakur daitezke baldintzak eta oinarriak.
Azpeitiko Udalak energia jasangarritasunarekin duen konpromisoari erantzunez jarriko ditu kargagailuak enpresa pribatuetan. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legean jasotako betebeharretako bat da halakoak enpresetan ezartzea. Izan ere, lege horrek zehazten duenez, berotegi efektuko isuriak murrizteko funtsezko estrategia oinarri hartuta, administrazio publikoek sektore pribatuarekin duen lankidetza sustatu behar dute, karga sare sendo bat sortuz eta ibilgailu elektrikoen erabilera sustatuz.