Herritarrek organo eta Nafarroako gaita doinuez gozatzeko aukera izango dute ostiralean, 19:30etik aurrera, Loiolako Santutegian. Izan ere, Iban Erguy organistak eta Jean Pierre zein Christophe Dumoulin gaiteroek emanaldia eskainiko dute. Emanaldi berezia izango da, organoa eta gaita uztartuko dituztelako hiru musikari horiek.
Dumoulin abizena duten gaita-jotzaileak Baionako Leon elkarteko kideak dira, eta lan handia egin dute gaitarekin euskal musika tradizionalaren hedapenari eta transmisioari lotuta. Halaber, askotariko emanaldietan parte hartu izan dute, hala nola Bainoako zein Iruñeko erraldoien desfileetan, euskal dantzen ikuskizunetan, pastoraletan nahiz kontzertu hainbatetan. Haiekin batera ariko da Erguy organista.