Azpeitiko Udal Euskaltegian udan euskara ikasteko saioak antolatu dituzte, aurrez aurre nahiz online. Besteak beste, C1 eta A1 mailako saioak eskainiko dituzte.
C1 mailako saioak aurrez aurre eta Internet bidez eskainiko dituzte. Aurrez aurreko ikastaroa ekainaren 23tik uztailaren 24ra bitartean izango da, eta online saioak, berriz, ekainaren 23tik irailaren 24ra. Euskararen hastapeneko A1 mailako ikastaroa ere antolatu dute uztailaren 1etik irailaren 16ra bitarterako.
Dagoeneko zabaldu dute udako euskara ikastaroetan izena emateko epea, eta ekainaren 16ra arte izango da horretarako aukera. Izena Udal Euskaltegian bertan eman beharko da.
Euskara ikastaroak egiteko diru laguntzak eskura ditzakete herritarrek, eta ondorioz, saioak doan egiteko aukera izango dute. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak 943-81 19 47 telefono zenbakira deitu dezake.