Berriaren administrazio kontseiluko bilkura izan da igaro berri den asteburuan. Kazetak Martin Ugalden (Andoain, Gipuzkoa) duen egoitzan bildu ziren larunbat goizean, eta urteko kontuak eta datozen urteetako planak aurkezteaz gain, zenbait kargu aldaketa izan ziren: Beatriz Zabalondo Zarauzko bizilagunak utzi egin dio administrazio kontseiluko lehendakaria izateari, eta Jose Luis Aizpuru azpeitiarra ariko da aurrerantzean egiteko horretan; Iban Arregi kontseilari ordezkariaren partez –azpeitiarra da–, berriz, Elene Barandiaran. Karguak utzi berritan, Zabalondorekin eta Arregirekin hitz egin du Gukak.
Zabalondok 2011n hasitako ziklo bat itxi du akziodunen azken batzarrean. Izan ere, administrazio kontseiluan sartu zen urte hartan, eta bi urte egin ondoren hartu zuen lehendakari kargua. Aitortu du "ez dela erraza hainbeste urteren ondoren agur esatea", eta hunkigarria izan zela bilkura. Dena den, "konbentzituta" esan du agur: "Jende berri bati tokia egin behar zitzaion; urte asko dira, gainera, leku berean jarraitzeko". Arregik, berriz, azken hamabi urteak eman ditu kontseilari ordezkari. Ilusioz, gogoz eta konpromisoz gogoratu du kargu hartzea, eta utzi ere hala egin duela adierazi du Arregik, "beti delako ona errelebo aldaketa".
Aministrazio kontseiluko kideen esker ona jaso zuten bilkuran, baina Zabalondok berak ere eskerrak emateko zerrenda luze-luzea aipatu zuen bere hitzartzean. "Beti izan dut presente gu lehen lerroan egon arren Berrian, asko zor diogula kaleko, gizarteko, erakundeetako eta euskalgintza orokorreko jende askori: irakurleei, babesleei, berrialagunei...", dio. Horiek guztiak gogoan eduki zituen Zabalondok bere lehendakari karguko azken egunean. Kontseiluko kideak ez ezik, langileak ere kontuan izan zituen.
Datozen urteetan Berriak dituen erronkak aipatzerakoan ere beharginez eta beren lan baldintzez aritu da Zabalondo. Enpresaren egoera "oso saneatua" egon arren, langileak ez daude nahiko luketen bezain ondo. "Soldata asko hobetu da azkenengo urte hauetan, baina oraindik ere arrakala bat dago, dudarik gabe", dio lehendakari ohiak. Pandemia osteko KPIaren gorakadari ezin izan diote heldu, Zabalondoren hitzetan, nahiz eta azken urteotan soldatak igo dituzten. Adimen artifiziala aipatu du, bestetik: "Tresna baliagarria da, eta lagun diezaieke kazetariei: lanak errazteko baliatu behar da, baina kazetaritzaren egitekoa eta balioak betikoak dira, eta horri eutsi behar zaio".
Komunitatea sendotzea
Arregik urteko kontuak aurkeztu zituen larunbateko bilkuran, eta datozen urteetako planak ere izan zituen hizketagai. Haren hitzetan, "gizartea eta kontsumo ohiturak asko ari dira aldatzen", eta horretara egokitzeko erronkak "nahiko definituta" ditu kazetak. "Kazetaritza da lehena, hori delako bere funtzio soziala, baina beste inpaktu sozial bat ere bilatzen du", dio kontseilari ohiak. Euskararen normalizazioa da bat, baina baita kulturaren transmisioa ere, esaterako. Berrialagunen bueltan, eratzen ari diren komunitatea sendotzea eta, batik bat, trinkotzea da beste helburuetako bat. Bideragarritasunarekin lotuta daude helburu horiek, Arregiren ustez: "Ez badugu bideragarritasunik lortzen, zaila izango da proiektuarekin aurrera egitea".
Lantaldea zaintzea ere garrantzitsua da Arregirentzat. Taldearen osasuna zaintzea eta ikuspegi feminista izatea aipatu ditu hark: "Bideragarritasunik gabe ez dago lantalderik, baina lan talde motibaturik gabe ere zaila da bideragarritasuna edukitzea".
Zarata handia
"Hainbeste urtean lagundu duten pertsona guztiei" eskerrak eman nahi izan dizkie Zabalondok egunkari honi emandako adierazpenetan: "Proiektu nazional bat da, herriarena, herriarentzako egiten dena, eta behar-beharrezkoa da kazetaritza ona, egokia eta zuzena edukitzea. Zarata handia dago kazetaritzaren inguruan, eta uste dut jakin behar dugula gure iparra non dagoen: albiste garrantzitsuak agertzen direnean eszenan, jakin behar dugu nora jo. Berriak badaki horiek guztiak nola eman. Babestu dezagun eta lagundu dezagun Berria, gizartearen onerako delako".
Talde berriari animoak eman nahi izan dizkiote: "Egin dezatela aurrera. Egingo dute, ez zaie ilusiorik falta". Aizpuruk eta Barandiaranek beren lana "oso ondo" egingo dutela uste dute; izan ere, biek ala biek "ondo" ezagutzen dute etxea, Zabalondok aipatu duenez.