Datorren zapaturako, ekainak 7, Euskal Herriaren burujabetzaren eta nazio aitortzaren aldeko manifestazio nazionala antolatu du Gure Eskuk Bilbon, Herri libre bat Euskal Herriak erabaki leloarekin. 17:30ean abiatuko da mobilizazioa La Casillatik, eta 15:45ean anbulatorioaren aurreko geltokitik irtengo da Azpeitiko Gure Eskuk antolatu duen autobusa. Gaur da, hain zuzen ere, autobuserako izena emateko azken eguna; Elikagunean, Korralen, Orkatzen eta Nizan eman daiteke joan-etorrirako izena.
Arratsaldeko manifestazioaz gain, askotariko eskaintzaz gozatu ahal izango dute zapatuan Bilbora joaten diren herritarrek, egun osoko egitaraua prestatu baitu Gure Eskuk. Santiago plazan, kasurako, ipuin kontalaria, Porrotx, Marimotots eta Zapotxin pailazoak, erraldoien kalejira eta bertsolariak izango dira 10:30etik 13:30era bitartean. Plaza Berrian, berriz, hainbat ikuskizun eskainiko dituzte, 11:30etik 13:00etara bitartean: ardi moztaileak, herri kirolak eta castellers-ak.
Egun osoan zehar, bestalde, txistulariak, albokariak eta trikitilariak ibiliko dira Zazpikaleetan zehar, eta 13:00etan erromeria izango da Unamuno plazan. Manifestaziorako giroa berotzeaz, gainera, Walo BD taldeko danbor-jotzaileak arduratuko dira. 16:30etik aurrera hasiko dute zarata Zabalburu plazan.
Mobilizazioaren ondotik, 20:00etan, Bilbo kantari kantu taldea abiatuko da La Bolsatik, eta ordu berean, Iratzar erromeriak kontzertua eskainiko du Bira espazioan.