Getariako Txakolinaren VIII. Eguna izango da larunbatean

Julene Frantzesena 2025ko eka. 4a, 08:48

Txakolin Egunaren sustatzaileak. (Azpeitiko Udala)

12:30etik 14:30era bitartean, Getariako Txakolina jatorri izena duten zortzi upategitako edariak dastatu ahal izango dituzte herritarrek Perez Arregi plazan. Pintxoak ere eskainiko dituzte, eta Bankako Menditarrak kantu taldeak alaituko du giroa.

Getariako Txakolinaren VIII. Eguna egingo dute zapatuan herrian. Herritarrek jatorri izen hori duten hainbat txakolindegitako edariak dastatzeko parada izango dute 12:30etik 14:30era bitartean, Perez Arregi plazan.

Aurtengo edizioan zortzi upategik parte hartuko dute: Aitaren, Ameztoi, Arregi, Blai, Erlete Goikoa, Flysch, Mokoroa eta Ulazia. Bost euro ordainduta, kopa eta bost txakolin dastatzeko txartelak eskuratuko dituzte herritarrek.

Gainera, sabelak betetzeko parada ere izango dute horiek; izan ere, herriko gaztagileen gazta pintxoak ez ezik, Eusko Labeldun lumagorri oilasko pintxoak eta Basatxerri txerriki pintxoak dastatzeko aukera izango da. Pintxoak banatzeaz Azpeitiko Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideak arduratuko dira. Pintxo bakoitza 2,5 euro ordaindu beharko dute herritarrek.

Txakolin postuen bueltan giro bikaina sortu ohi bada ere, musika ere presente izango da dastaketaren garaian. Hain zuzen ere, Bankako Menditarrek kantu emanaldia eskainiko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide