Bi txapelen arteko linboan dago Julen Alberdi Txikia IV.a (Azkoitia, 1991) kirolaria: pasa den maiatzaren 24an irabazi zuena, eta igande honetako lehian eskuratu nahiko lukeena. Burua hotz darama Azpeitiko zezen plazan 17:30etik aurrera jokatuko den I. Mailako Euskal Duatloi Txapelketara, eta esperantza bat du: aizkoran lor dezakeen abantaila korrika gal dezakeen denbora baino gehiago izan dadila.
II. Mailako Euskal Duatloi Txapelketa irabazi zenuen maiatzaren 24an. Txapel hura duzu oraindik buruan, ala igandean jokoan izango dena?
Espero gabeko txapela izan zen bigarren mailakoa, baina orain finalean dugu burua. Txapelak gustura jasotzen dira, bigarren mailakoa oso gustura jaso nuen, baina orain, helburu nagusia da lehenengo mailako finalean ahalik eta posturik onena lortzea. Ahal izanez gero, finalera sartu nahiko nuke, eta finalean lan ona egin; hori da helburu nagusia.
A zer estreinaldia, ezta? Lehenengo duatloian txapela burura. Nolatan animatu zinen duatloian parte hartzera?
Aurretik egin izan dira duatloi txapelketak, baina gu beste lan batzuetan ibili gara. Aurten, garai honetan, egutegia pixka bat libreago genuen, eta pauso hori eman genuen; batetik, aktibo mantentzeko, eta, bestetik, iruditzen zitzaigulako denboraldira begira martxa hartzeko txapelketa ona zela. Probatzeko gogoa zenuen? Beste txapelketetan, edo aizkoran, gustura ibiltzen naiz, eta kontuan izanda duatloian zutikako egurrek eragin handia dutela, bai, probatzeko har hori nuen.
"Nire burua ez nuen faboritotzat hartzen; Eneko Saralegi zen niretzat faboritoetako bat. Beraz, ikustea bere aurretik nindoala motibazio bat izan zen niretzat"
Aurten, lehenengoz, bi mailatan jokatu da Euskal Duatloi Txapelketa, eta egin beharreko lanen denborak ere aldatu dira. Zer iritzi duzu formatu aldaketaren inguruan?
Antolakuntzak ikusi zuen, lan bakoitzean denbora asko eginda, publikoarentzako monotonoegia izan zitekeela erakustaldia, eta ikusgarritasun handiagoa lortu nahi zuela uste dut. Horregatik, korrika egiteko distantzia ere laburtu egin dute; lau kilometro ziren lehen, eta orain bi dira, 500 metroka zatituta. Zentzu horretan, duatloia erakargarriago bihurtu dutela uste dut.
Hamar minutu eta hiru segundotan osatu zenituen eskatutako lanak: 45 ontzako etzandako egurra eta 45 ontzako zutikako egurra ebaki, eta zezen plazari bost itzuli egin korrika, birritan. Lanak aurreikusi bezala bete zenituela esango zenuke?
Hasi aurretik denok espero genuen denbora pixka bat gehiago beharko genuela. Baina egurrek zertxobait lagundu zuten, eta gehientsuenok espero baino denbora hobeak egin genituen. Nik neuk ez nuen espero denbora horretan ibiliko nintzenik.
Soilik hamabi segundora bukatu zuen proba Eneko Saralegik. Nola eraman zenuen bigarrena horren gertu izatea?
Tira, azken finean, nire burua ez nuen faboritotzat hartzen; Eneko Saralegi zen niretzat faboritoetako bat. Beraz, ikustea bere aurretik nindoala motibazio bat izan zen niretzat. Ikusi nuen aizkoran denbora pixka bat ateratzen ari nintzela, gero beraiek korrika errekuperatzen zutena baino puntu bat gehiago, eta horregatik sentitu nuen irabazteko aukerak nituela.
"Bigarren mailako txapelketa irabazita, egon naiteke kinieletan, baina uste dut korrika denbora asko galtzeko arriskua dudala"
Igandean jokatuko duzu I. Mailako Euskal Duatloi Txapelketa. Nola sentitzen zara?
Lan on bat egiteko asmoarekin noa, baina betiere kontziente izanda lana bikoitza dela, eta hortaz, korrika asko sufritzea tokatuko zaigula; nik neuk bigarren mailako txapelketan baino denbora gehiago galtzeko arriskua dudala uste dut. Korrika egitea ez da nire indargunea, nirea aizkora da, eta lan horretan saiatu behar dut ahalik eta denbora gehien ateratzen. Hala ere, aurreko urteko sei finalistak hor egongo dira, horiek demostratu dute jada indartsuak direla. Bestalde, bigarren mailako txapelketa irabazita eta faboritoetako baten aurretik geratuta, egon naiteke kinieletan, baina uste dut korrika denbora asko galtzeko arriskua dudala.
Aipatu duzun bezala, bigarren mailako proba baino exijenteagoa izango da igandekoa, zirkuitua lau aldiz egin beharko baituzue. Indarrak neurtzea eta burua erabiltzea garrantzitsua izango da, ezta?
Bai, trantsizio asko egongo dira, eta lan batetik bestera egin beharreko aldaketak fisikoki oso gogorrak dira. Trantsizio horiek ahalik eta ondoen jasaten jakin behar da, nahiz eta ez den erraza, are gutxiago final batek eragiten dizun presio estra hori barruan daramazula. Burua hotz mantentzen saiatuko gara, eta korrika galduko dudan abantaila aizkoran irabazten. Hamabi kirolari arituko zarete aizkoran eta korrika.
Zein edo zeintzuk ikusten dituzu txapela eskuratzetik gertuen?
Esango nuke txapelaren borrokan ibiliko diren faboritoak Ugaitz Mugertza eta Eneko Saralegi izango direla. Hala ere, lan oso ona egin duen jende asko dago, eta haiei aurre egiten saiatuko naiz, podiumean sartzeko. Aukera izanez gero, txapela lortzeko egingo dut borroka, baina kontziente naiz Ugaitz Mugertza eta Eneko Saralegi hor daudela.
Final estua izango da, lehiatua?
Baietz uste dut. Kirolari bakoitzak bere indarguneak ditu; batzuk aizkoran moldatzen dira ondo, beste batzuk korrika hobeto ibiltzen dira. Hasieran batzuk besteak baino aurrerago aterako dira, baina esango nuke aizkorako zutikako lanean ikusiko dela zein kirolari dauden indartsu eta zeintzuek duten erresistentzia nahikoa. Lan horretan denbora asko galdu daiteke, edo alderantziz, irabazi ere bai. Ikusgarria izango da, hori ziur.