Azoka Plazaren atzeko eremuan ibilgailuak doan aparkatu ahal izango dira aurrerantzean. Gehienez, 40 minutuz erabili ahal izango dira aparkaleku horiek doan, baina ezinbestekoa izango da tiketa ateratzea.
Astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:30era izango da mugatuta aparkatzeko denbora. Igandeetan eta jaiegunetan, berriz, ez da denbora mugarik izango.
Tiketa hartzeko makinetan dagoeneko zehaztu dituzte aparkalekuen erabilera baldintzak, eta udalak jakinarazi duenez, Udaltzaingoa arduratuko da denbora mugak zaintzeaz eta autoak baimendutako guneetan aparkatuta daudela bermatzeaz.
Azoka Plaza atzeko eremua "hobeto ordenatu" nahi du udalak aldaketarekin, eta ibilgailuen txandakatzea bultzatu ere bai. Gainera, aldaketari esker, Alde Zaharreko saltokietarako joan-etorria "erraztu" egingo dela uste du erakundeak.