Gotzon Barandiaranen Galbahea poema liburua errezitatuko dute datorren igandean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 18:00etan. Poesiak eta musikak bat egingo dute errezitaldi horretan, eta lanaren sortzailea ez da bakarrik izango oholtza gainean, antolatzaileen esanetan, "lagun eta sortzaile talde zabal batek" lagunduko diolako hari emanaldian; hain zuzen, kulturgileak Azpeitiko Apoa –askoren poesia ahotsak– irakurle taldeko kideekin batera irakurriko ditu ahots goran hark ondu dituen azken poemak, eta beste hainbat sortzailek ere gauza bera egingo dute Azpeitiko saioan, hala nola Juanra Madariagak, Josu Landak, Iraia Etxebestek, Oier Guillanek, Ainara Lasak, Harkaitz Canok, Mikel Elorzak eta Imanol Ubedak. Azken horrek abestu ere egingo du, eta Lander Bilbao gitarra jotzailea ere izango da oholtza gainean. Era berean, Galbahea formatu berrian taularatuko duten lehenengo aldia izango da Azpeitikoa.
Hamazazpi urteren ondoren, iazko maiatzean kaleratu zuen Galbahea (Susa) hirugarren poema liburua Barandiaranek. 50 urte betetzear zituela, atzera begirako lan bat gauzatu nahi zuen Barandiaranek azken poema liburuan, hari eta haren belaunaldikideei Euskal Herriko garai historiko "oso garrantzitsu bat" bizitzea egokitu zitzaielako; gatazka armatuaren sasoia. Hain zuzen, bere militantzia politikoaren galbahea egitea izan da idazlearen aurreneko ariketa lan horretan: "Borroka armatua bukatuta, Euskal Herriko aro berriaren hasieran egoten jarraitzen dugu, eta uste nuen atzera begirako bat egitea zegokidala niri, izan nintzelako parte aktibo bat urte haietan". Garai hari buruzko "ariketa" egin du idazleak Galbahea-n, horrek hainbat galderari bide emango ziolakoan: "Hamaika galdera mahaigaineratu nahi izan dut: ordutik zer garen, zer utzi dugun albo batean eta ordukotik zer daramagun ondoan". Batez ere adinkideekin zein belaunaldikideekin elkarrizketa izateko modua aurkitu nahi izan du hark, «aurrera begira zer egin jakiteko». Zentzu horretan, haien erantzun "oso ona" jaso duela azaldu du idazleak, beraiek ere "sentitu" zutelako galbahe lan bera egiteko premia.
Idazketa prozesuan, amaren heriotzak bete-betean zeharkatu zuen idazlea, eta gertaera hark "indartu" egin zion galbahe ariketa egiteko beharra. "Bizitza hark irakatsitakotik ere galbahetu nuen nirea". Horrenbestez, maitasunetik egindako liburua dela azpimarratu du: "Palestinan zein Euskal Herrian ikusten dugu gizonok jarraitzen dugula etenik gabe emakumeak zapaltzen eta hiltzen, eta maitasuna da, feminismoaz gain, iraultzarako daukagun fosilik erregaiena; betidanikoa dena eta orain inoiz baino horren premia handiagoa duguna".
Audioliburua, fisikora
Galbahea kaleratu zuenetik, zuzeneko hainbat emanaldi eskaini ditu idazleak liburuko poemak abesti bihurtuta. Joan zen apirilean, Poesiaren Nazioarteko Egunaren aitzakian, berriz, audioliburu gisa argitaratu zuen hark bere poema liburua, jakitun euskarazko literaturan horretarako joera handirik ez dagoela: "Gogoan dut duela hogei bat urte, literatura eskolaren garaian, Iñigo Aranbarrik zein Jose Luis Otamendik ekarri zizkigutela Argentinako eta Uruguaiko poeta batzuen audioliburuak; besteak beste, Juan Gelmanenak eta Mario Benedettirenak. Ordutik, gustatu izan zait lantzean behin poesia entzutea, eta nik ere banuen gogoa entzuteko poemak izatea".
Azken urteetan kulturgintzan gogaide izan dituen lagunak gonbidatu zituen Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Ulu estudioetan Galbahea grabatzera. "Egun batean elkartu ginen, eta goizean zein arratsaldean grabatu genituen poema denak. Nirekin batera grabatu zuten askok esan zidaten gauzarik ederrena horixe izan zela; elkartzea". Hain zuzen, horrexek eman zion Barandiarani bide igandean Azpeitian taularatuko duten emanaldia gorpuzten hasteko: "Pentsatu nuen egokia zitekeela audioliburua oholtzara eramatea".
Apoa taldeari proposatu zion hark irakurraldia egitea, taldeak liburu hori aurrez aztertua zuela jakitun. "Aproposa iruditu zitzaidan errezitaldia Azpeitian egitea, eta audioliburuan parte hartu duten batzuek zein Apoako beste batzuek elkarrekin poemak irakurtzea". Idazlearen hitzetan, audioliburua fisikoki taularatzeak Galbahea sortzen hasteko ireki zuen zirkulua ixten du, gainera, eta liburua sortzen hasteko bulkada beretik, maitasunetik, ondutakoa ere bada igandeko emanaldia. "Maitasun keinu ederra izango da".