Trinitate jaietako egunak beti izaten dira bereziak Nuarben, eta are bereziagoak izango dira aurten, auzo lokala estreinatuta izango baitute txupinazoa botatzerako. Hilaren 12an, ostegunez, inauguratuko dute "auzotarren topagune" izan asmo duen espazioa, 19:30ean. Ordurako, gainera, prest egongo da Udane Juaristi Udatxo artista azkoitiarrak osatutako murala. Nuarberekin zerikusia duten elementuekin osatu du lana artistak, auzo lokalaren kanpoaldean.
Bi egunera, ekainaren 14an, Trinitate jaien hasierako txupinazoa jaurtiko dute, 16:30ean. Egun horretan, ohi bezala, gainera, sokamuturra egingo dute 17:00etatik 19:00etara, eta ondoren, kantujira poteoa, afaria eta kontzertuak izango dira.
Egun horretan herrigunetik Nuarbera joateko autobusak antolatuko ditu Azpeitiko Udalak: 16:30ean abiatuko da autobusa Azpeitiko anbulatorioaren aurretik, eta 19:30ean izango da Nuarbetik Azpeitira itzultzeko autobus zerbitzua.
Zapatuan hasiko dira festak, baina ez dira egun horretan bukatuko. Izan ere, igandean eta astelehenean ere ekintza ugari egingo dituzte Nuarben.
Hona hemen aurtengo festetako egitaraua:
Ekainak 14, larunbata
- 16:30. Txupinazoa.
- 17:00-19:00. Sokamuturra.
- 19:30. Kantujira poteoa.
- 20:30. Herri afaria.
- 23:00. Kontzertua.
Ekainak 15, igandea
- 12:00. Gazteen pilota partida.
- 13:00. Jose Mari Orbegozo Dantzaki dantza eskolaren emanaldia eta luntxa.
- 17:00-19:00. Puzgarriak.
- 18:00-19:00. Magoa.
- Jarraian, afal aurretik eta afal ondoren, trikitilariekin erromeria.
Ekainak 16, astelehena
- 17:00. Umeentzako jolasak, tailerrak eta txokolatada.
- 21:30. Trikitilariekin erromeria.