Erretratua

Amets Sorazu: "Musikak jendeari laguntzeko ahalmena du; niri asko lagundu dit"

Ihintza Elustondo 2025ko eka. 23a, 08:45

Amets Sorazuren erretratua. (Olatz Alkorta)

Etxean musikarekiko duten pasioak utzi du Sorazuren barrenean aztarna. Pedagogia Musikala ikasi du Bartzelonan, eta musika irakaslea izateaz gain, Banda Gaztearen zuzendaria ere bada. Sahatsan dantza egiten du, eta karnabaletan Udal Musika Banda zuzentzen aritu zen. Izenaren jabe, ametsik ez zaio falta. Berea da Erretratua maiatzeko Azpeitia Guka aldizkarian.

Musikari erabat lotutako pertsona da Amets Sorazu (Azpeitia, 2000), eta ez da zeregin zaila afizioa nondik datorkion asmatzea: "Etxetik jaso dut musikarako grina. Aita dantzaria da, eta amaren etxean ere beti entzun izan dugu musika. Ume-umetatik hazi ginen anai-arreba guztiok musikaren bueltan. Lau senide gara guztira, eta ni hirugarrena naiz; bi anaia txistulariak dira, eta ahizpak ere bandan perkusioa jotzen du. Izeba ere pianista da, lehengusua biolin jotzailea... Gure etxean musika zutabe garrantzitsua da. Attittek kantatu egiten zuen, eta oso musikazalea zen. Hortik familia guztia kutsatu gara", dio, oroitzapenek gogo-bihotzak betetzen dizkiotela.

Haurtzaroan Sorazuren barnean piztu zen gar horrek urtez urte fruituak ematen jarraitu du. Umetan zeharkako flauta eta harpa jotzen trebatu ostean, Bartzelonan Pedagogia Musikala ikasten eman ditu lau urte, eta iazko udan itzuli zen etxera, Azpeitira. Gaur egun, Zumaian euskal dantzak irakasten ditu, Zestoan flauta irakaslea da, Azpeitian Banda Gaztea zuzentzen du, Udal Musika Bandan flauta jotzen du eta Sahatsan dantza egiten du. Dena den, ziur asko herritar batek baino gehiagok beste zerbaitegatik ezagutuko du Sorazu: inauterietan Udal Musika Banda zuzentzen aritu zen. 

24 urte besterik ez dituela hartu du batuta lehenengoz Sorazuk, eta ardura horretarako gaztea izateak piztu dezake bateren baten arreta, baina ez horrek bakarrik: aurrez sekula zuzendu ote zuen Azpeitiko Udal Musika Banda emakumeren batek? Sorazuk dakiela, behintzat, ez, "ez baldin bada izan momentu puntualen batean". Lehen emakumea izatea baino "arraroagoa" egiten zaio musikariari duen adinarekin talde bat zuzentzea. "Ni baino zaharragoei aginduak ematea arraroa egiten zait", adierazi du. Hori bai, inauterietakoa oso esperientzia ederra izan zela gogoratu du. "Oso gustura aritu nintzen. Edozer erabaki hartzen nuela, taldekideei galdetzen nien ea ondo iruditzen al zitzaien. Taldekideak nire bandako lagunak dira, eta arraroa egiten zitzaidan beraiei zer egin behar genuen esatea. Zorte handia daukat lagun onak ditudalako bandan, eta esaten zidaten nik nahi nuena egiteko", gogoratu du barrez. Herriko jendeak ere "oso harrera ona" egin ziola nabarmendu du. "Kalean hala nabaritu dut", dio.

Amets Sorazu umetan, zeharkako flauta jotzen. (Utzitakoa)

Unai Frantsesena bandaren zuzendariak lanaldia murriztu du, aitatasunagatik. Berez haren ardura da Udal Musika Banda eta Banda Gaztea zuzentzea, baina murrizketa tarteko, Sorazuri galdetu zioten Banda Gazteaz arduratuko ote zen. Banda Gaztean "hazitakoa" dela dio Sorazuk, eta beraz, berehala eman zuen baiezkoa. "7 urtetik 14-15era arte aritu nintzen han, eta polita da niretzat orain Banda Gaztea zuzentzea". Pedagogia Musikala ikastean, zuzendaritzako ikasgai batzuk landu zituen, eta han ikasitakoak aplikatzen dihardu ardura horretan. Irailean hasi zen Banda Gaztea zuzentzen, eta karnabaletan ikusi zuten herritarrek zeregin horretan kalean. "Berez astelehen eta astearte goizetan irteten da Banda Gaztea kalera, eta emanaldi horiek zuzentzekotan gelditu nintzen. Eta, gero, Kantujirakoek esan ziguten Ostegun Gizenean bandak irtetea nahi zutela, beraien ikuskizunari laguntzeko". Orduan zuzendu zuen lehenengoz helduen banda azpeitiar gazteak. 

Lehen aldiz banda zuzenduta eta esperientzia aberasgarria poltsikoan, karnabaletakoa aurreneko aldia bai, baina azkena izango ote da? "Bandakoek hori esaten zidaten: behin lehenengoz eginda, badakizu gehiagotan egin beharko duzula!", adierazi du barrez.

Hastapenak, 5 urterekin

Herritarrek Sorazu bandaren lehen lerroan ikusteko aukera izan badute ere, ez da goizetik gauera iritsi ardura hori betetzera. 5 urterekin hasi zen musikan trebatzen, eta ordutik ez da gelditu ere egin. Juan Antxieta musika eskolan egin zituen lehen pausoak, zeharkako flauta jotzen. "Lehengusuak zeharkako flauta jotzen zuen, eta nik ere horixe aukeratu nuen", dio. Dena den, ordurako beste instrumentu batek bereganatzen zuen haren arreta: "Amari beti esaten nion noizbait harpa jo nahi nuela". Pirritx eta Porrotxen emanaldi batean ikusi zuen instrumentu hori, eta "flipatu" egin zuen oroitzapena dauka.

Sorazu, harparekin. (Utzitakoa)

Ez zen kapritxo hutsa Sorazuk harparekiko zuen begirunea, eta zer izaten diren gauzak, batere espero gabe, egun batean sortu zitzaion instrumentu hori probatzeko aukera. "Aitaren lankide baten emazteak arduraren bat zuen Donostiako kontserbatorioan, eta 13 urte neuzkala, gurasoek galdetu zidaten oraindik gustatuko al litzaidakeen harpa jotzea. Nik esan nien: 'Noski baietz'. Orduan ezagun harekin gelditu ginen, instrumentua nolakoa zen ikusteko...". Eta ez zuen desengainurik hartu: "Espero bezainbeste gustatu zitzaidan". 

Ordurako Sorazuk musika pixka bat bazekienez, kontserbatorioan hasieratik hasi beharrean, Burlatako (Nafarroa) irakasle batengana bideratu zuten. "Haraino joaten nintzen larunbatero harpa ikastera", oroitu du. Burlatako irakaslearekin maila pixka bat hartu zuenean, Donostiako kontserbatorioan jarraitu zuen harpa ikasten, goragoko maila batean. Horrela, Azpeitian flauta jotzen segitzen zuen, eta harpa jotzen zuen kontserbatorioan, 13 urte besterik ez zituela. Gerora, praktikoagoa izan zedin, bi instrumentuak kontserbatorioan ikasten jarraitu zuen. 

Nerabezaroa musikaren bueltan igaro zuela aitortu du, baina horri "eskerrak" ematen dizkio. "Kontserbatorioan sartzean, niretzat mundu bat ireki zen; nik ordura arte ikusitakoaz gain, musika beste gauza asko ere bazela ikusi nuen. Eta jendea ezagutu nuen, ni bezala, musika pasio zuena", nabarmendu du. Ordura arte, musikari izatea jende aurrean berak bakarrik instrumentua jotzearekin lotzen zuen batez ere, baina Sorazu horrek ez zuen betetzen. "Urduri jartzen nintzen, eta 'niri hau ez zait gustatzen' pentsatzen nuen". Dena den, kontserbatorioan ikusi zuen musikarena oso mundu zabala dela, eta kolektiboan aritzeko aukera ere ematen duela. "Konposatzaileak, zuzendariak... lanbide asko daude musikarekin lotuta, eta orduan sentitu nuen ikuspegi zabal horrekin bat egiten nuela", dio. Musika "zerbait soziala" bezala ulertzen duela azpimarratu du; horrela aurkitu diola berak hari zentzua.

Sorazu, ezkerrean, aitarekin eta anaiarekin, Sahatsa dantza taldeko emanaldi baterako jantzita. (Utzitakoa)

Musikaren arlo sozial hori deskubritzen jarraitu nahian, Batxilergoa amaitu zuenean, Pedagogia Musikala ikastea erabaki zuen, Bartzelonan. Labur azalduta, musikako irakasle izateko baliagarriak dira ikasketa horiek, nahiz eta ez den hori bakarrik. Lau urteko gradua egin zuen Bartzelonan, eta gero, Akzio Soziala eta Arte Eszenikoen postgradua ikasi zuen. Kontserbatorioan sartu zenean gertatu zitzaion antzeko zerbait gertatu zitzaion Bartzelonara joatean ere: "Kontserbatoriora sartu nintzenean mundua zabaldu zitzaidan bezala, gauza bera gertatu zitzaidan Pedagogia Musikala ikastean. Pedagogia ez da musikako irakasle izatea bakarrik, proiektu sozial asko daude musikarekin lotuta", dio. Gaur egun, berriz, Kudeaketa Kulturalaren masterra egiten ari da, online. 

Ikasitakoak herrian

Bartzelonako ikasketak amaitzean, bazuen sorterrira bueltatzeko gogoa, atzerrian ikasitakoak hemen praktikan jartzeko grina. Gradu Amaierako Lanean Azpeitiko kulturara nork daukan sarbidea, kulturak migrazioaren integrazioan nola lagun dezakeen... aztertu zuen. Lan hartan egungo egoeraren azterketa egin zuen, eta orain, Master Amaierako Lanean, testuinguru horretan zer egin daitekeen aztertzen ari da, kulturaren bidez integrazioa bilatzeko. "Gure herrian dagoen aniztasuna ez dut ikusten kultur ekitaldietan. Jatorri ezberdinetako jendea ikusten dut kalean, baina kultur ekitaldietan zergatik ez daude?". Bide hori lantzen ari da orain garatzen ari den lanean. "Ea lana ondo egiten dudan eta herriari proiekturen bat eskaintzea daukadan".

Musikak berari "izugarri" eman dionez, orain musika jendearentzat lagungarri izan dadin bidea urratu nahian ari da. "Ni betidanik oso pertsona lotsatia izan naiz, eta jendearekin sozializatzeko era bat izan da musika niretzat. Kontserbatorioan hasi nintzenean, jendearekin musika eginez lortu nuen sozializatzea, eta elkarbanatze horretan, sekulako harremanak sortu nituen", gogoratu du. Musikak hizkuntzez ez duenez ulertzen, batasunerako lagungarri izan daitekeela uste du. "Iruditzen zait, musikak niri lagundu didan bezala, badaukala ahalmena beste pertsona askori laguntzeko, eta badela erreminta bat gizartean dauden arazo askori aurre egiteko ere, elkarbizitza lortzeko".

Izenaren jabe, ez zaio ametsik falta, eta gustatuko litzaioke musika irakasteko eran aldaketa bat ikustea, jendeari musika egitea gauza asko izan daitezkeela irakatsi ahal izatea. Nahiko luke, baita ere, jendeak musika ezberdin gehiago entzutea, abanikoa zabaltzen ari dela ikustea. Eta abesti bakar bat norbaiti eskaini beharko balio, ez dauka zalantzarik nori eskainiko liokeen, izan batutarekin, harparekin edo flautarekin: "Nire etxeko denei, eta musikaren munduan aberastu nauten guztiei, haiei esker deskubritu dudalako zer den musika eta haiei esker iritsi naizelako honaino, eta iritsiko naizen lekura haiei esker iritsiko naizelako. Eta hemendik aurrera hornituko nauten denei ere eskainiko nieke abestia".

Motzean

Adina: 24 urte.
Ikasketak: Pedagogia Musikaleko gradua, Akzio Soziala eta Arte Eszenikoen postgradua eta Kudeaketa Kulturalaren masterra.
Lanbidea: musika eta dantza irakaslea.
Musikaria ez banintz… irakaslea izango nintzateke, ekonomiakoa edo.
Lanetik ateratzean gogoko dut… irakurtzea, musika entzutea edo lagunekin kafe bat hartzea.

Banda zuzentzen, karnabaletan. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide