Iraurgi Saskibaloi Taldeak urteko batzar orokorra egingo du ostegunean, 19:00etan hasita, Basazabal jauregian. Hainbat gai landuko dituzte bilkuran; besteak beste, lehendakari postua berritzeko prozesuaz hitz egingo dute. Izan ere, hamabi urtez ISBko lehendakari izan den Maier Lizasok utzi egingo du kargua.
Bestalde, urteko kontuak nahiz datorren urteko aurreikuspenak ere izango dituzte hizpide. Halaber, 2024-2025 denboraldiko taldeez eta egindako ekintzez ere jardungo dute solasean, eta datorren denboraldirako dituzten asmoak ere plazaratuko dituzte klubeko ordezkariek.