Igandean, hilaren 15ean, izango da Lagun Onak mendi bazkunak antolatu duen XXVI. Itsasaldeko Ibilaldi Neurtua, eta egunean bertan izena emateko aukera egongo bada ere, osteguna izango da izena merkeago ordainduta emateko azken eguna.
Horrenbestez, parte hartu nahi duenak Kronoak-en webgunean eman beharko du izena osteguna bitartean. Mendizaleen elkarteko bazkideek hamabost euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, berriz, hogei euro. Ibilaldi neurtuaren egunean bertan izena ematen dutenek, aldiz, 25 euro ordainduko dituzte, eta ez dute ziurtatuta izango kamiseta.
Aurreko edizioetan bezala, bi ibilbide jarriko dituzte aukeran aurten ere: luzeak 26 kilometro izango ditu, eta motzak, aldiz, hamasei kilometro. Biak Izarraizko natur gunean barrena osatuko dituzte, eta Erloko gailurra izango dute gunerik altuena. Azpeitiko plazan hasiko eta bukatuko dira bi txangoak
Ibilbide luzekoek 07:00etan irtengo dute plazatik, eta 26 kilometroko eta 1.500 metroko desnibel positibodun ibilbidea egingo dute. Ibilbidearen zailtasun maila ertaina da. Ibilbide laburra egin behar duten irteera 08:00etan izango da plazan. 16 kilometroko eta 1.050 metroko desnibel positibodun bidea egingo dute horiek; ibilbide hori ere zailtasun maila ertainekoa izango da.
Bukaeran, partaide guztiek paellaz eta sagardoaz gozatu ahal izango dute plazan, eta dutxa zerbitzua ere izango dute, Izarraitz pilotalekuan. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, ibilbide neurtuko anoa postuetan ez da edalontzirik egongo, beraz, norberak arduratu beharko du txangora bere edalontzia eramateaz.