Erleen mundua ezagutzeko aukera izango da igandean Ekoetxean

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 10a, 08:00

Erleak abaraska batean. (Ekoetxea)

Balerdipeko erleak proiektuaren arduradunek erlezaintzaren inguruko tailer dinamikoa eskaniko dute igandean, 10:00etatik 12:00etara. Ekoetxearen webgunean eman daiteke saiorako izena.

Erleen mundua ezagutzera ematea helburu, familiei zuzendutako tailerra antolatu du Ekoetxeak datorren iganderako. Tolosako Bedaio auzoan (Gipuzkoa) erlezain lanetan aritzen diren Balerdipeko erleak proiektuaren arduradunek eskainiko dute tailerra eta, besteak beste, erleek ekosisteman duten garrantziari buruz arituko dira.

Erleen dantzaldia izenburuarekin aurkeztuko dute tailerra Balerdipeko erleak proiektuko Mattin Jauregi eta Inaxio Arin erlezaintzan adituek. Haien eskutik, beraz, intsektu horien mundua, portaera, hizkuntza eta dantza ezagutzeko aukera izango dute herritarrek igandean. Gainera, eztia egiteko prozesua ere azalduko dute Jauregik eta Arinek, eta dastatzeko emango diete parte hartzaileei.

Tailer dinamikoa izango da, eta horrenbestez, azalpenak emateaz gain, jarduera parte hartzaileak ere proposatuko dituzte, eta erleek polinizazioan eta biodibertsitatean duten garrantziaz ariko dira.

Saioa 10:00etatik 12:00etara egingo dute, eta doakoa bada ere, aurrez izena eman behar da webgunearen bitartez edo Ekoetxearekin harremanetan jarrita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide