Aisialdi inklusiboaz tailerra eta mahai ingurua antolatu dituzte ostegunerako

Nerea Uranga 2025ko eka. 10a, 08:30

'Lau haizetara' egitasmoko saio bat.

Dinamoa sormen gunean egingo dute Lau haizetara egitasmoa Batera Aske kooperatibak, Marea Urdinarekin, Atzegirekin eta Kulturaz kultur kooperatibarekin elkarlanean antolatuta. Aniztasun funtzionala duten gazteekin sormen tailerra egingo dute eta haien familiakoekin mahai ingurua, 17:30etik aurrera.

Aisialdi inklusiboaren inguruko gogoeta kolektiboa sustatzeko helburuarekin, Lau haizetara izeneko proiektua du martxan Batera Aske Kooperatibak. Egitasmo hori hainbat tokitan dute martxan jarrita dagoeneko: Zarautzen, Arrasaten, Aretxabaletan, Eibarren, Elgoibarren edota Iruñean. Ostegun honetan Azpeitian antolatu dute aisialdi inklusiboaren inguruko topalekua, 17:30etik 19:30era Dinamoa sormen gunean. Saio hori elkarlanean antolatu dute, Batera Askek, Marea Urdinak, Atzegik eta Kulturaz kultur kooperatibak.

Osteguneko topalekuan aniztasun funtzionala duten gazteekin sormen tailerra egingo dute eta haiek familiakoekin mahai ingurua. Era horretan, egitasmoaren sustatzaileek tokian tokiko errealitatea ezagutu nahi dute, esperientziak eta beharrak elkarbanatzeko.

Batera Aske kooperatibak urteak daramatza aisialdi irisgarria eta sormena oinarri dituzten programak garatzen. "Aisialdia eta kultura eskubide unibertsala direla aldarrikatu nahi dugu, eta aniztasun funtzionala duten gazteen eta haien familien beharrak identifikatu nahi ditugu etorkizuneko proiektu berriak martxan jartzeko asmoz", adierazi dute Batera Askekoek.

Herriko eta inguruko gazte eta familia guztiak gonbidatu dituzte osteguneko Lau Haizetara topalekuan parte hartzera. Horretarako, aurrez izena emateko galdetegi bat betetzeko eskatu dute. Honako loturan eman daiteke izena, edota bash@bateraaske.com helbidera idatzita edo 680-15 57 46 telefono zenbakira deituta.

Ane Davila da Batera Aske kooperatibaren sortzailea eta koordinatzailea eta hark elkarrizketa batean azaldu dizkio Gipuzkoa Hitzari Azpeitiko osteguneko saioaren nondik norakoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide