Elkartasun eskea, askatasuna ez dadin izan ezleku

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 10a, 09:30

Juan Karlos Arruti, Imanol Lazkano eta Tomas Karrera. (Maddi Txintxurreta)

Euskal preso, iheslari eta deportatu ohiei laguntza ematen dien Harrera elkartearen erronkak biderkatu egin dira; horregatik, '5.000 bazkide baietz!' kanpaina abiatu du.

Urteak preso edo erbestean eman ostean etxera itzultzea ez da erraza. Aldaketek kasik arrotz bilaka dezakete etxea, eta aldatuta munduratzen da preso, iheslari edo deportatu ohia ere, isolamenduan bizitakoek zaurituta. Egoera horretan, askatasuna berreskuratu berri duenak hainbat izapide egin behar ditu, lana bilatu, izan ditzakeen osasun arazoak tratatu. 2012an Harrera elkartea sortu zutenez geroztik, euskal preso, iheslari eta deportatu ohiek bizitza berregiteko laguntza jasotzen dute.

Imanol Lazkanok, Juan Karlos Arrutik eta Tomas Karrerak egina dute espetxetik kalerako bidea, eta ezagutzen dituzte egoera horrek ekar ditzakeen trantzeak. Azken biek Harrera elkartearen laguntza jaso zuten prozesu horretan, eta egun hirurak dira elkarteko bazkide, talde horrek egiten duen lana beharrezkoa dela sinesten baitute. "Espetxe politika oso gogorra izan da hainbat urtetan; bi oinarri izan ditu: kondena luzeak eta isolamendua. Ondorio larriak sortu ditu horrek. Gainera, etxera etortzen garenean, ez dago euskarririk; preso edo iheslarien denborak ihes egin du. Beste denbora batean bizi dira. Horri guztiari gehitu behar zaio jendeak tratamendu psikologikoak behar izaten dituela, lana bilatu behar duela, eta instituzioak ez daude horretarako prestatuta. Hutsune hori betetzeko sortu zen Harrera, instituzioek eta gobernuek egiten ez dutena herriak egin behar duelako", adierazi du Karrerak.

Arrutik kontatu du bera espetxetik atera zenean dokumentazioarekin lagundu ziotela lehenik Harrera elkarteko kideek, baina ez hori bakarrik: "NANa eta pasaportea egiten lagundu zidaten, eta, gero, berriz, osasun kontuekin; hortzak jarri zizkidaten eta bistarekin lagundu ninduten. Eta zortea izan nuen; izan ere, Harreraren bitartez lana lortu nuen denbora gutxira, eta zortzi urte egin ditut lanean, jubilatu naizen arte".

"Beste denbora batean bizi dira. Horri guztiari gehitu behar zaio jendeak tratamendu psikologikoak behar izaten dituela, lana bilatu behar duela, eta instituzioak ez daude horretarako prestatuta"

Lan horren premiaz hitz egiteko batu dira orain Lazkano, Arruti eta Karrera, Harrera elkarteak hauspo kolektibo berri baten beharra duenean. Izan ere, "zorioneko" egoera batek Harrera elkartearen erronkak biderkatu ditu: azken urteetan nabarmen hobetu da presoen, erbesteratuen eta deportatuen egoera. Jada ez dago lehen graduan inor, dispertsioa bukatu zen eta gero eta gehiago dira erbestea edo kartzela atzean utzi duten pertsonak. Horrek esan nahi du Harrera elkarteak artatzen dituen lagunak askoz gehiago direla orain eta, beraz, baliabide gehiago behar dituela egoera berriari aurre egin ahal izateko. Horregatik, 5.000 bazkide baietz! kanpaina berria aurkezten ari da herriz herri, eta bihar iritsiko da Azpeitiko Sanagustin kulturgunera, 19:00etan.

"2018an presoen kopurua askoz handiagoa zen; orduan 300 bat ziren, eta ehun pasatxo dira orain, beraz, gastu ekonomikoak laukoiztu egin dira. Urteko aurrekontua 80.000 euro ingurukoa izatetik 300.000 eurokoa izatera pasatu da. Beraz, bazkidetza bultzatzea da helburuetako bat, baita enpresekin ere", azaldu du Lazkanok.

Entzuteko gonbita

Preso, iheslari eta deportatuen egoera hobetzeak ez du esan nahi euskal gatazkaren ondorioak desagertu direnik, elkarrizketatuen iritziz. "Agian zenbait gauza hoztu dira, igual badago gauzak konpondu diren sentsazio bat –hausnartu du Arrutik–. Hala ere, honetan jarraitu behar dugu". Uste dute ez dela erlaxatzeko unea, kontrara, "Harrera poliki-poliki zabaldu" behar dela defendatzen dute.

Mezu horri helduko diote bihar Azpeitian egingo duten aurkezpenean ere, eta herritarrak "entzutera" animatu dituzte. "Espetxearen mundua oso ezezaguna da. Ezagutzeko gutxieneko interesa duena etor dadila eta ikusiko du dena ez dela egunkarietan irakurtzen dugun hori bezalakoa; zoritxarrez, askoz gogorragoa da. Horregatik, elkartasuna beharrezkoa da", aldarrikatu du Karrerak.

Agertu dute, halaber, Harrera indartzea ez dela soilik preso ohientzako mesede, «elkarbizitza» sustatzeko tresna dela. "Denon eskubideak hartu behar dira kontuan, eta jende hau herrian integratu behar dugu. Edozeinek lagundu dezake, denontzat dago tokia hemen. Beraz, etorri, entzun eta ezagutu zer lan egiten duen Harrerak", esan du Lazkanok.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide