Dagoeneko ikusgai daude 43. Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketara aurkeztutako lanak Betharrametako erakusketa aretoan. Aurtengoan bederatzi lan jaso ditu udalak, eta hain zuzen, horiek jarri dituzte ikusgai aretoan.
Ekainaren 18ra arte egongo da zabalik erakusketa; astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara. Herritarrek, gainera, kartel gustukoenaren aldeko boza emateko aukera izango dute.
Epaimahaiak aurki erabakiko du zein den datorren udazkeneko topaketak aurkezteko baliatuko duten kartela. Erabakia hartzeko lanaren sormena, kalitate grafikoa nahiz plastikoa, deigarritasuna eta erreproduzitzeko nahiz editatzeko erraztasuna hartuko dituzte kontuan. Irabazleak 900 euroko diru saria jasoko du.