Erakusleiho apainketarik onenak, sarituta

Julene Frantzesena 2025ko eka. 11a, 08:00

Iraurgi ikastetxeko, Urola ikastolako nahiz Ikasberri ikastolak 169 ikaslek 40 saltokitako erakusleihoak apaindu dituzte. Hiru sari banatu dituzte.

Maiatzean herriko saltokietako erakusleihoak modu berezian apainduta izan dira. Izan ere, Iraurgi ikastetxeko, Urola ikastolako nahiz Ikasberri ikastolak 169 ikaslek 40 saltokitako erakusleihoak apaindu dituzte, Bertan merkatari elkartearekin elkarlanean.

Erakusleiho erakusketaren IV. aldia izan da aurtengoa, eta egitasmoan parte hartu duten ikasleen artean banatu dituzte dagoeneko sariak. Hain zuzen ere, erakusleiho jasangarrienaren saria Ikasberri ikastolako Anek, Ingek, Urkok eta Aiertek jaso dute, Makibar saltokiaren ataria apaintzeko egindako lanagatik. Sormen gehien duen erakusleihoaren saria, berriz, Urola ikastolako Oihanek, Urtzik, Aimarrek eta Saioak jaso dute, Koketen egindako lana tarteko. Aldiz, saltokiarekin lotura handiena duen erakusleihoaren saria Ikasberriko Beñatentzat, Anerentzat, Elenerentzat eta Maddirentzat izan da, Zuri Beltz saltokian gauzatutako apainketa dela eta.

Gazteak tokiko kontsumoaren balioetan hezteko xedez jarri zuten martxan erakusleihoen egitasmoa. Hain zuzen ere, proiektua tarteko tokiko merkataritzaren aldeko sentsibilizazio lana egiten dute, gazteek bertatik bertara ezagutu baitituzte herriko saltokiak eta horien funtzionamendua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide