VII. Goilurrak Rallyak eskualdeko hainbat puntu zapalduko ditu zapatuan

Andoni Elduaien 2025ko eka. 12a, 08:47

Autoak, iaz, Azkoitiko plazan bilduta. (Iraia Oteiza)

Zapatuan jokatuko dute rallya, 08:30ean hasita. Beasaingo Arriaran eta Matxinbenta auzoen artean izango dira rallyaren lehenengo eta hirugarren etapak, eta Azkoitiko Madariaga eta Zestoako Endoia auzoen artean bigarrena eta laugarrena. Lau puntu horietan trafikoan eragingo du lasterketak.

Etzi, zapatua, jokatuko dute VII. Goilurrak Rallya. Urtero moduan, Lazkao (Gipuzkoa) eta Azkoitia hartuko ditu puntu nagusitzat Ikullu Racing eta Errebueltie eskuderiek elkarrekin antolatu duten auto lasterketak. Dena den, Urola Kosta eskualdeko puntu gehiagotatik ere igaroko dira autoak, hala nola Azpeitiko Matxinbenta eta Zestoako Endoia auzoetatik. 

Proba zapatuan jokatuko badute ere, ostiralean autoen egiaztapenak, aurkezpena eta irteera ofiziala egingo dituzte Lazkaon. Zapatukoaren atarikoa izango da ostiralekoa; izan ere, larunbatean sei etapa edo zati osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Lehenengo eta hirugarren etapak egitera Beasaingo (Gipuzkoa) Arriaran auzotik abiatuko dira ibilgailuak, eta Matxinbentara arteko bidea egin beharko dute; 08:30ean egingo dute lehen zatia, eta 11:20ean bestea –errepidea itxita egongo da 07:30etik 13:30era–.

Arriaran eta Matxinbenta arteko zatia Azkoitiko Madariaga eta Zestoako Endoia auzoen arteko etaparekin tartekatuko dute; izan ere, bigarren eta laugarren etapak jokatuko dituzte tarte horretan. Aurreneko pasaldia 09:15ean egingo dute autoek, eta hori eginda, Azkoitiko plazara joango dira parte hartzaile guztiak, han egingo baitute eguneko lehen elkartzea.

Arriaran eta Matxinbenta arteko zatia bigarrenez egingo dute segidan –11:20ean abiatuko dira–, eta hura amaitutakoan, 12:05ean abiatuko dira Madariaga eta Endoia arteko bigarren zatia osatzera. Tarte hori egindakoan, berriro Azkoitiko plazan elkartuko dira autoak 12:45erako. Madariaga eta Endoia arteko zati horretan ere trafikoa itxiko dute gainerako ibilgailuentzat 08:15etik 14:00etara.

Bosgarren eta seigarren zatiak, azkenik, Zerain eta Mutiloa (Gipuzkoa) artean jokatuko dituzte. 18:10 alderako espero dute antolatzaileek rallya amaitzea, eta 20:00etan egingo dute sari banaketa, Lazkaon. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide