Azpeitiko Udalak iragarri duenez, trafikoa ordenatzeko lanak egingo dituzte Esklaben inguruan; izan ere, eguneko zenbait unetan, autoen joan-etorri handia izaten da eremu horretan, eta arazoak sortzen dira trafikoan. Era berean, udalak adierazi du "autoak gaizki aparkatuta" uzten dituela jendeak, eta horri aterabidea emate aldera, "eremua ordenatzea" erabaki du erakundeak. Alde batetik, aldaketak egingo dituzte trafikoan, eta, bestetik, aparkaleku gehiago jarriko dituzte.
Hain zuzen, trafikoa noranzko bakarrera mugatuko dute. Modu horretan, autoek Iñaki Azpiazu kalera joan ahal izango dute, baina ez Iñaki Azpiazutik Esklaben aldera. Aparkalekuei dagokienez, hamabi aparkaleku egingo dituzte errepide ondoan, alokairu sozialeko etxebizitzen pareko zuzengunean. Udalaren arabera, "oinezkoan segurtasuna hobetzea da esku-hartzearen helburu nagusietako bat".
Obrek "pare bat aste baino gutxiago" irautea aurreikusten dute. Denbora tarte horretan, ibilgailuentzat bi noranzkoetan itxita egongo da errepidea, baina oinezkoentzat irekita.