Orain dela hogei urte
2005. urteko Xoxoteko Egunean, eguraldia lagun, jendetza bildu zen aterpearen ondoan. Meza, erromeria, domina banaketa eta herri kirol erakustaldia ere egin zituzten bertan mendizaleek.
Astoan erromeriara
Garai batean ospetsua zen Xoxoten egiten zen erromeria, baita gailurraren inguruan egiten ziren asto karrerak ere. Pazko bigarrenean Errebalekoek antolatu ohi zuten Xoxoteko erromeria, inguruko baserritarrekin batera. Lagun Onak MB 50. urteurrena liburuan Joxe Luis Garaiak azaltzen duenez, erromeria Azkoitiko partean egiten zuten, Azpeitiko aldean debekatuta zegoelako "baltzeoa dantzatzea". Urte batean, Pazko bigarreneko erromerian zalaparta ere sortu zen, liburu horretan Julian Arrutik aipatzen duenez: ikurrin txikiak bota zituzten Xoxoteko zelaietan, eta gero Guardia Zibila joan zen Arrutiren etxera azalpen eske.
Aurreneko Xoxoteko Eguna
1958ko maiatzaren 25ean, Lagun Onak mendi bazkunaren Finalista Eguna Xoxoten egin zuten, hango San Ignazioaren irudiaren bigarren urteurrenarekin eta Xoxoteko erromeriarekin bat eginez. Ordutik aurrera, urtero maiatzeko azken igandean egin izan du Azpeitiko mendizale elkarteak Xoxoteko Eguna.
Goiko irudian, 1958an Xoxoten egindako erromeria.
Egun beteko festa
Lagun Onak bazkunakoek mendiko festa ugari ospatu ohi dituzte maiatzeko asteburuetan: aurreneko igandean Kakuteko Egunera irteera antolatu ohi dute, azkenaurreko igandean Txalintxoko Eguna antolatzen dute, eta azkenekoan Xoxotekoa. Tartean, Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa ere egiten dute.
Goiko argazkia 2011ko Xoxoteko Egunekoa da.
2009an domina jaso zuten haurrak
1948ko maiatzaren hasieran egin zuen Lagun Onak elkarteak aurreneko Finalisten Eguna Oñatzen. Mila metrotik gorako bost edo sei gailur zapaltzen zituzten mendizaleek domina eskuratzeko aukera izaten zuten. Gainera, finalisten artean mailak izaten ziren, urtean zehar igotako mendi kopuruaren arabera. Festa egun haiek, Xoxoten egiten hasi aurretik, mendizale azkoitiarrekin eta zestoarrekin batera antolatu izan zituzten Madariagan eta Elosiagan. Gaur egun, tontor kopuru bat egiten duten haurren artean banatu ohi dituzte dominak Azpeitiko mendizaleek. Horretarako, haurrei zuzendutako irteerak antolatu ohi dituzte urtean zehar: Santa Engrazira, Izarraiztik barrena, Txalintxora, Herniora...
Salda badago
Aurreneko urteetan Xoxoteko Eguneko ekitaldi denak kanpoan egiten zituzten, artean aterpea eraiki gabe zegoelako. Erromeria eta bazkaria egiten zituzten. Hori guztia prestatzeko mendizaleak bezperatik igotzen ziren Xoxotera, eta Bildotxola artzainak laguntzen zien horretan. Egun batean, mendizaleak Pagoeta Egunera joan zirenean, ikusi zuten han salda doan banatzen zutela, eta gauza bera egitea erabaki zuten Xoxoteko Egunean. Izan ere, 1960ko hamarkadaren hasierarako Xoxoteko Eguna mendizaleentzako erreferentzia eta topagune bilakatu zen.
Xoxoteko aterpeak 41 urte
1984ko maiatzaren 27an, Xoxoteko Egunean, ireki zuten mendizaleek Xoxoteko aterpea. 1970eko hamarkadaren bukaera aldera, Xoxoten Bildotxola artzainak erabiltzen zuen txabola zaharra erre egin zen, eta haren tokian aterpea egitea erabaki zuten Azpeitiko mendizaleek. Ordutik, Xoxoteko festa egunean aterpearen bueltan elkartzen da jende gehien. Argazkian, 2023ko Xoxoteko Eguna.